argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2005eko uztailaren 24a
Beñat Sarasola kantariaren hitzok jaso zituen Berriak: «Kultura ez da bakarrik jende jakintsu eta berezitu batzuen esku. Kantu baten egitea bezala da, nornahik ausartu behar du kantu baten egitera. Gogoa duenak egin behar du, ez utzi gure ustez ahal hori dutenentzat. Kantatzea bera ere ez».

Txan magoak honakoa adierazi zion Diario de Noticiasi: «Magia helduentzat da, dudarik gabe, guk logikarekin jokatzen dugulako. Haurrak berriz fantasiazko mundu batean bizi dira, eta oso zaila da truku batekin harritzea. Adibidez, oholtzaren gainean gamelu bat atera behar dela esaten duzunean, haurrek 'goazen ikustera' diote. Helduek 'ez' pentsatzen dute, hori ezinezkoa dela uste dute, ez dago logikaren barnean».

Karmele Jaio idazleak El Paísi esanak: «Idazleak argiaren pean uzten duen detaile hori nahikoa izan behar du irakurleak deskubritu ditzan itzalpean geratu diren guztiak. Hori da idazten duenaren erronka nagusia. Nobela ia dena kontatzera eta erakustera kondenatua dagoen bitartean, ipuinak itzalpean gordetzen du benetan erakutsi nahi duen hori eta irakurleari uzten dio hori deskubritzeko aukera».