argia.eus
INPRIMATU
Biriketako minbiziaren epidemia geratzeko
Jabier Agirre 2005eko uztailaren 24a
Ez dut uste gaur egun inork zalantzarik txikiena ere edukiko duenik: tabakismoa gutxitzea da biriketako minbiziaren intzidentzia-tasak azken urteotan daramaten izugarrizko eta etengabeko hazkundeari buelta emateko gai den estrategia bakarra. Eta politika sanitarioek erretzeko ohitura kaltegarri horren gain dituzten eragin erreal eta positiboak baloratzeko datuak aztertzen ditugun bitartean, dirutza inbertitzen da minbizi-mota horren kontrako terapeutika egokiak eta garaiz detektatzeko metodoak garatzeko.

Biriketako minbizia da heriotza arrazoi nagusia herrialde garatuetan, eta horrek aukera eman die adituei garai batean ohitura bezala jotzen zen tabakismoa edo tabako-kontsumoa epidemia izendatzeko. Biriketako minbizi kasuen 100etik 90ean tabakoa da faktore abiarazlea, eta horretan oinarrituz nazioarteko aditu ugarik gaitza garaiz detektatu nahian jarri dituzte beren ahaleginak. Izan ere, datua bitxia bezain itxaropentsua da: diagnostikoa garaiz egiten bada, 5 urtera gaixoaren biziraupena %85ekoa da. Gaur egun zoritxarrez, diagnostikoa egin eta handik 5 urtera, batez besteko biziraupena %5ekoa besterik ez da.

Horren zergatia ere oso argi dago: biriketako minbizia fase oso aurreratuetan diagnostikatzen da, eta horixe da, zoritxarrez, faktore pronostikorik okerrena. Horrexegatik, patologia hau garaiz diagnostikatzeko markatzaileak bilatzea da ikertzaile askoren helburua. Hori nabarmendu zuten adituek Europako Onkologia Eskolak Bartzelonan egindako bigarren ikastaroan. Datu epidemiologikoak kezkatzeko modukoak dira oraindik ere: gizonezkoetan, 16 urtetik gorakoen artean tabakoaren kontsumoa %64tik (1978. urtean) %42ra (2001ean) jaitsi den bitartean, emakumeetan %17tik %27,2ra igo da denboraldi berean. Horrek bere eragina izan du biriketako minbiziagatiko heriotza-tasetan ere. Adituek dioten bezala, "biriketako minbiziaren epidemiaren hasiera ari gara ikusten Espainiako estatuko emakumeetan".