Jean-Louis Borloo egungo Frantziako enplegu ministroak argi du Nicolas Sarcozy lehen ministroa izango dela 2007ko Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeetako eskuinaren hautagaia. Borlook berak zalantzan jarri izan zuen hori lehenago, batez ere bera ere lehen ministro izateko esperantza izan zuen garaian, baina gaur egun argi du: «Jadanik beranduegi da beste hautagairik bilatzeko».
Lorenzo Contreras Espainiako kazetari eskuindarraren ustez, EHAKren aurka Grande-Marlaska epaileak jarritako kereilak ez du aurrera egingo, auzibidearen azken urratsetan Zapateroren Gobernua «inposatzen edo bultzatzen ari den ‘aldaketa’ horren baitan dagoelako. Agintari batek, ZPk esate baterako, historiara bakegile gisa iragatearena buruan sartzen duenean, ez dago hura geratzerik. Eta aurrera begira hiru urte ditu bere egitasmoak gauzatzeko. Ez dago denborarik Katalunia eta Euskadi bezalako komunitate eragingarrien -geraezinen ez esateagatik- sostengua duen aldaketa prozesuaren indarra eta handinahia geldierazteko».