argia.eus
INPRIMATU
Alto mare aperto
Aurelia Arkotxa 2005eko uztailaren 24a
Danteren XXVII. kantuaren hondar neurtitzak amets gaiztoenetan bezala, aterabideak betiko zerratzen ditu: infin che'l mar fu sovra noi richiuso. Ulisez ari zaigu Dante. Ahazten dugu Ulisek Okzidenteko itsasoa ez zuela nehoiz ikusi. Egarri hori gelditu zitzaiola. Eta gainera anitz tradizio zaharren arabera, Uliseren bidaia ez zela uste dugun bezala amaitu Ithakara itzultzean. Dantek, argi da, ez du Homeroren bertsioan sinesten. Gogora dezagun bada Infernuaren XXVII. kantuaren hondarra.

Dante zortzigarren zirrikan edo bolgean badabil orain, Virgilio duelarik aitzindari eta hona non sugarrak ikusten dituen eta Virgiliok erraten dion "arimak daude gar horien barnean". Eta hona non Ithakako eta Argoseko erregeak agertzen diren, Diomede eta Ulise. Biak su berean elkartuak "beren garraren barnean negar egiten dutela". Dantek gelditu nahi du, Ulise handiaren mintzoa entzun nahiz. Eta hona non Ulisek kontatzen dizkion bere azken orenak. Ithakara bihurtu eta ezin jasanez han bidaiatu gabe egon beharra...
Ez Penelopek, ez semeak ez zuten geldiarazi ahal izan. Homerok ez zekiena, Dantek badaki: Ulise, Jainkoak kondenatu zuela azkenean, ezagutzaren gutiziak kilikaturik berriz kurri joan zelakoz. Bidaiari herratu bilakatua baitzen Ulise. Itsaso irekia begien aitzinean ikusiz, tirriatu zelakoz. Mediterraneoko bazter guztiak bisitatu zituen, Sarderen lekuraino, Espainiaraino eta Marokoraino. Ordea, denbora ere kurri baitabil, Ulise eta eskifaiakoak ez ziren beren lehen bidaian bezain arin eta erne. Zahartuak, lehen baino emekiago zebiltzan. Hala ere, Uliseri Mediterraneoaren itzuliaren egitea ez zitzaion aski izan, Herkulek bere zutarriak eraikiak zituen pasaiaraino hurbiltzean, Ceuta ezkerretik zuela eta Sevilla eskuinetik, urrunago joan nahi izan zuen, "bizidunik ez duen munduko eguzkiari" jarraiki nahi zitzaion, urrunago. Urrunago? Herkulek, debeku seinaletako kokatuak zituen zutarri haiek baino urrunago? Ulisek lagunak berotzen ditu: "Kontsidera ezazue zuen askazia. Ez zarete brutoak bezala bizitzeko eginak izan, baizik eta bertuteari eta ezagutzari jarraikitzeko". Ontziaren popa sortaldera itzuliz, Herkuleren zutarriak pasatzen dituzte, badoaz aitzina, beti sartaldera buruz. Munduaren bertzaldera hurbiltzen ari dira, Antartidako mugetara, "gauaz bertze poloko izar guztiak jada ikusten nituen», kontatzen dio Ulisek Danteri. Iparreko izarra aldiz apal-apal itsasoaren horizontean. Hain apal non jada uretan erdi itoa den. Ataka gaitz horretan bortz aldiz sortu eta bortz aldiz itzali ondoan "ilargi pean zen argia" mendi beltzaran izugarri bat begien aitzinean agertzen zaie, izan daitekeen mendirik handiena. Ulisek eta haren lagunek ez dakite hor aurrean dutena Kristok Purgatorioa kokatzeko hautatu duen Parabisuko mendia dela. Itsasturiek azkenean lur berria aurkitu dutela uste dute. Ordea, "lur berritik zirimola sortu zen eta ontzia frentetik jo zuen. Urekin batera hiru aldiz itzulikarazi ontzia; laugarrenean zutitu zuen popa airean, branka uretan ondoratu, haren borondatea konplituz, itsasoa gure gainetik hetsi zen arte".

Dante 1300eko apirilaren zazpitik zortzira doan gauean heltzen da Infernutik hurbil den selva oscuraren atarietara, bide zuzena galdu ondoan. Egia erran, ez dakit zenbat denbora iragana den, geroztik, Ulise dagoen zortzigarren zirrikaraino. Infernuko zirkuluetan denboraren zentzua galtzen baita. Bederatzigarren eta azkena den zirkuluaren hastapenean, Dantek eta Virgiliok ikusten dute nola urruntzen zaien Ulise: "Jada su garra zuzen-zuzena zegoen eta geldirik, gehiago deusik ez errateko, eta jada guregandik bazihoan, poeta eztiaren agurrarekin".

Hala ere, ur zirimolak ez zituen luzaz arrastatuko sartalderantz joanen ziren bidaiariak. Herkuleren zutarriek markatzen zuten muga debekatua, gaur Cadizen -lehen Herculeum deitua- koka genitzakeenak, gaindituak izan ziren. Itsas ozeanoan, gaurko Atlantidan, sartu ziren itsasturiak. Ulisek amesten zuen ezkerreko, dal lato mancino, itsaso irekian.