Europar Batasunak eta AEBek, neoliberalismo basatiaren predikatzaileek, eta hortaz, ekonomia globalizatuaren baitako erabateko liberalizazioaren predikatzaileak diren horiek, ez dute onartzen beraien herrialdeak Txinaren hainbat produktuz gainezka egotea -nahiz eta Txina ere Munduko Merkataritza Antolakundeko (MMA) kidea izan-, eta hori saihesten saiatzen ari dira zergez baliatuz. Euskal Herria ere ez dago egoera horretatik at, eguna joan eta eguna etorri, etengabe ari baitira txinatarrak dendak jartzen. Denda horiek, aldian behin, ehungintzako produktuz eta zapatez betetako poltsa handiak jasotzen dituzte Txinatik, gero hemen saltzeko. Esate baterako, Bilbon, Ametzola plaza inguruan, Txinako ehungintzako produktuak eta zapatak jasotzen dituzten hamabost denda zabaldu dituzte azken hilabeteetan.
Horrek dakarren arazoa ikusita, Txinak zenbait produkturen esportaziorako tarifak igoak zituen, %400 kasu batzuetan, Europako eta Amerikako Estatu Batuetako merkatuetan ehungintzako produktu txinatarren saturazioa murrizteko asmoz. Hala ere, Txinako produktuek merkatuetan eragindako saturazioa ikusita, EBk eta AEBek ere ehungintzako eta jantzigintzako hainbat produkturi kuotak ezartzeko prozedura iragarri zuten. Txinako Gobernuak, ehungintzako 81 produktu motaren esportazioari muga zergak kenduko dizkiela erantzun zuen joan den maiatzaren 30ean. Txinako Merkataritza ministroak azaldu zuen Txinak ez dituela "bi aldiz" zigortuko ehungintzako bere enpresak, batetik produktu txinatarrak esportatzeko muga zergak ezarriz eta bestetik EBk eta AEBek produktu txinatarren kuotak murriztuz.
EBko Merkataritza komisarioak, Meter Mandelsonek, bere garaian adierazi zuen 2010ean Txinaren esku egongo zela ehungintzako munduko salmenten %50; orain salmenten %20 da. Datu guztien arabera, bete egingo da iragarpen hori.
Txinaren lehiak ito egiten du Europako industria
Txinatarren lehiak hondamendira darama Europako ehungintzaren industria. Hala diote Europako patronalek. Lehen oso liberalak eta merkataritza librearen zaleak ziren patronal horiek berak, orain, neurri protekzionistak eskatzen ari dira euren gobernuei eta baita Europako Batzordeari ere. Hondamendi hori esplikatzeko, txinatarren soldatak alderatzen dituzte beraien enpresenekin. Txinan 20 milioi pertsonako ejertzitoa dago hilean 100 euroko soldata irrigarriaren truk jo eta su astean 60 ordu lanean aritzeko prest. Europakoak baino hogei aldiz soldata merkeagoak dituzte. Gainera, Txinak lehengaietan daukan aberastasuna gehitu behar zaio horri, kotoia adibidez. Espainiako Estatuan, esate baterako, emakumezko langileek -batez ere emakumezkoak dira ehungintzan lan egiten dutenak- kasurik onenean 700 euro jasotzen dituzte astean 40 ordu lan eginda. Baina oro har zenbateko hori txikiagoa izaten da, 450 eurokoa kasu batzuetan, oso sektore kaltetua da eta. Zenbatekoak txikiak izanik ere, soldata horiek handiegiak dira fabrikatzaile txinatarren prezioei gailentzeko.
Espainiako Estatuko fabrikatzaileek diote, azken lau urteotan jadanik 34.000 lanpostu eta 665 enpresa desagertu direla. Gaur egun 243.000 pertsona eta 7.000 baltzu inguru dabiltza arropagintzan -horietatik 400ek gama altuko arropa egiten dute-. Patronalen esanetan, Txinatik etorritako inportazioen erabateko liberalizazioak bizkor hondatuko du sektorea.
Alarma piztuta
Txinako eta Espainiako ehungintzak aurtengo lehen hiruhilekoan izandako zenbakiek piztarazi dituzte alarma guztiak. Koadroan ikus daitekeen moduan, Espainiako Estatu osoa kontuan hartuta, erraldoi asiarrari hamaika bider galtza gehiago erosi zitzaizkion 2005eko hasieran; hamabi milioi galtza pare. Zazpi bider jertse gehiago erosi zitzaizkion 2004ko garai berean baino. Bistan denez, ikusgarria izan da gehiketa, baina are deigarriagoak dira prezioen jaitsierak: Txinatik etorritako emakumezkoen alkandorak 6,13 eurotan saltzen ziren iaz. Aurtengo urtarrila eta martxoa artean, berriz, batez beste 2,4 eurotan saltzen ziren, hau da, hamabi hilabeteren ondoren %60 merkeago. Arazo hau ez da Espainiako Estatuan bakarrik gertatzen, Portugalen, Frantzian, Italian eta Europako beste hainbat estatutan ere buruhauste berbera dute.