Pertsona helduak bezala umeak ere erasaten dituen gaitz hau da gure artean hesteetako gaixotasun kroniko usuena, baina zorionez ez da beste batzuk bezain larria. Zeliakia izenarekin ere ezagutzen den gaixotasun hori glutenari alergia edukitzea bezala definitu genezake. Eta zer da glutena? Zerealetan dagoen proteina bat.
Gaur egungo kalkuluen arabera, 100 pertsonatik bat erasaten du zeliakiak, eta horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan 20.000 pertsona zeliako inguru dagoela kalkulatzen da. Gaixotasun hau pairatzen dutenek ezin dutenez glutena jasan, arazo asko ekartzen dizkie elikatzeko orduan, zerealak (garia, batez ere) garrantzi handikoak baitira gure jateko ohituretan.
Gaitzak oinarri genetikoa dauka, eta horrek justifikatzen du familia barruan zeliako bat baino gehiago egotea. Sintoma ohizkoenen artean aipatzekoak dira apetitu-galera, pisu-galera, beherako kronikoak, sabeleko hantura edo distentsioa, eta baita hazkundearen atzerapena ere (umetan batez ere). Gaitza kronikoa da eta zainketak bizi osorako izan behar du.
Jan-neurri erabat glutenik gabekoa da gaur egun dagoen aukera terapeutiko bakarra, duela gutxi Madrilen egin den Elikadura eta Dietetikako Elkarteen Federazioak antolatutako kongresuan argi eta garbi utzi duten bezala. La Paz Ospitale Unibertsitarioko Nutrizio Pediatrikoko Zerbitzuburua den Isabel Polanco doktoreak dioenez, paziente zeliakoak ez badu bere dietatik glutena erabat saihesten: "Erantzun immunologiko anormala gerta daiteke, eta horrek heste meheko mukosaren lesioa larriagotu egingo du". Horren ondorioz lehengaiak, mineralak, bitaminak eta oligoelementuak ez dira behar bezala xurgatzen.
Zoritxarrez, zeliako gehienek -%85ek, aditu batzuen iritzian- ez dakite glutenarekiko jasanezintasuna dutenik, eta horregatik ez dute jan-neurria behar bezala egokitzen. Diagnostikoa ondo eta ahalik eta azkarren egitea oso-oso garrantzitsua da, eta ondoren elikagaien etiketei kontu handiz begiratzea, glutenik gabekoak baino ez kontsumitzeko.