Idazleak, bertsolaritzan bertsolariak, kantagintzan kantariak. Horiek dira ene arreta biltzen dutenak gehienbat, euren jardunak bidera ditzaten inguruko eragileak ezinbestekotzat jotzen baldin baditut ere. Irakurle eta entzule naizen aldetik, haien emana eroso eta txukun jaso dezadan oinarrizko egiturak ezinbestekoak ditudala badakit. Editoreak, banatzaileak, antolatzaileak, eta managerrak. Aurkezleak, gai-jartzaileak, soinu-argi teknikoak, antolatzaileak. Guztien beharra daukagu. Hondar hilabetetan, telefono deiak eta mezu elektronikoak dantzan dabiltza sintonia bakarrean. Gure hedabideen urtekarietako agendak zenbaiten bizigai, inoiz onartu ez ditugun emanaldien prezioa galdetzen zaigu, demanda, gu ezagutzen ez gaituzten, gutaz deus ez dakiten ahots eta idazkien gibelean daudenen aldetik datorrela. Interrogatorioa. Mailing telefoniko nazkagarriaren antzera. Eredu komertzial erasokor zozoenaren bidetik doaz kultur entrepresari berrituak, administrazio publiko zenbaiten sosak xahutzean bizibidea lortzea xede. Eta egiten dizkizuten galderak, gure adinaren berri ez dutenek, iraingarriak. Produktua ezagutu gabe merkaturatzea posible egiten duen eroslea dute, bere patrikatik ordaintzen ez duen bezeroa. Gaixo sortzaileak.