Ausartegia izan daiteke Euskal Herriko bake prozesuaz hitz egitea, baina oraingo norabideak horretara darama. Izendapenaren marra historiak jarriko du. Aitortu behar da, dena den, bake prozesuaren izendapena, ausardia edo normalizazio prozesu bat norabide batera bultzatzeko borondatea besterik ez dela. Edozein eratara, edonork antzematen du udazkena eta kurtso politiko berriaren hasiera interesgarri datozela, hauskorra den prozesua hausten ez bada behintzat: alderdien mahaiaren eraketaz bete-betean hitz egin eta negoziatuko da. PSE mahaiaren gainean arituko da EHAKrekin eta azpian Batasunarekin eta PP kenduta »publikoki dakigunez behintzat», gainerakoak ari dira jada mahaiaren gainean. Gainera, guztiak bat egingo du denboran Kataluniako Estatutuaren erreformaren gaiarekin. CiU abstenitu egin da Kataluniako Legebiltzarraren oraingo bozketan, baina nekez pentsa liteke benetako orduan berdin egitea, eta horrek ez ahalbideratzea bere onarpena eta, beraz, Madrilgo Gorteetara ezin eraman izatea. Udazkenean, beraz, bi gaiek bat egingo dute eta Jose Luis Rodriguez Zapatero estu jarri ere bai. Bere ingurukoek bere ahuldadea azpimarratu nahi dute, baina oraingoz urte eta erdian garaile atera da erronka guztietatik. Udazkenean helduko da Kataluniako Estatutu berria Kongresura eta seguruenik onartu ere egingo da, baina ondoren etorriko den fasea izango da korapilatsuena, estatutuaren erreformak Konstituzioaren erreforma eskatuko duelako eta bide horrek PPren baiezkorik gabe jai duelako.