argia.eus
INPRIMATU
Jaia eta sozietatea
2021eko uztailaren 19a

Uda, jai nagusien aroa. Denbora berezia, errito eta ospakizunak, elkarretaratzeak, musika eta dantzaldiak, oturuntzak, mozkorraldiak, katarsia... Nahiz batzuentzat -aski berria den joera- bertatik alde egiteko unea ere baden.

Jaia ziklikoki errepikatzen den erritoz beteriko aroa da, sinkroniazko denbora. Jatorria sozietatea osatzeko, integratzeko eta iraunarazteko behiala egin ohi ziren ospakizunetan dauka. Eta nahiz gero eta higatuagoa izan, oraindik ere egitate berezi eta garrantzizkoa izaten dirau. Guti edo asko, sozietatearen portaera eta kultur erak isladatzen dira bertan, haren oroitzapen-asmoak proiektatzen. Osagai definigarria da, kultura, ondare bizi eta bizigarria. Antropologia, psikologia, osasungintza, soziologia edota ekonomia arloko adituak ados dira horretan.

Sozietate sail guztien partaidetza baitezpadakoa izateaz gain jaiaren ezaugarria ere bada. Hain zuzen, jaiak badu denok «berdinago» bilakatzen gaituen giro «demokratizatzaile» bat, «horizontatzailea». Ohiko denboran, diakronian, agintegoa hierarkizaturik dago, jendartearen egituraketa bertikalagoa da, erpin gisakoa. Jaian, aldiz, behetik gora datorren ahotsa da nagusitzen eta «horizontalki» zabaltzen. Jaian denak kideago dira bilakatzen.

Egun, goitik beherako antolaketa, kontsumoko ekitaldiak nasai, partaidetza pasiboa baizik eragiten ez duen jai-ereduaren ezarpena bizitzen ari gara. Ondorioz, jaia integratzaile, osagarri eta are katartiko zentzuz gero eta barne-hustu eta besterenduagoa gelditzen ari da. Muntatzen dituzten parafernalia guztiek -gero eta «ikusgarriagoak», nola ez- egoera larri hori mozorrotzea dute helburu, joera pasiboa oraindik gehiago eraginez bidenabar.

Jaiarekiko jarrera horretan ordenaren izaera menperatzaile, zikiratzaile eta eskasa oraindik ageriago gelditzearekin batera, orobat dira nabarmentzen zein diren oposiziotzat har daitekeen «kalearen» pisu eta gaitasuna. Eta horretan, aitortu behar, politika orokorraren ideiara, eta funtsean, sistemak aise errekuperatzen dituen inertzi antzu eta eskasak soberan nagusitu ohi dira jaiaren «kalean».

Gurean, nahiz oraindik aski bizirik mantentzen den herritarren partaidetzaren tradizioa, begi bistakoa da jaiaren higadura. Konformismoa, delegazionismoa, inertzia, errazkeria, ahulezia... -erantzunak barne-, nabarmenegiak dira aspaldi honetan. Jaiaren transmisioa, adibidez -baitezpadakoa biziraun nahi duen edozein jardueratan-, aski herdoildurik datza, ustez eta haren barne-erreproduzitzeko gaitasuna agortezina den. Ustea ustel. Ordenaren agintekeriaren testuinguruan, salakuntza eta erantzunak, direnean, hark markatuaren araberakoak dira eta, gutiz gehienetan, zoritxarrez, aldez aurretik galduak. Eta jaia, oparo eta sozietate mailan eraginkor izanen bada, hastekoz eta bat sorkuntza da, aurrekoa transmitituz eta etengabe sortuz, aldatuz eta egokituz doan sorkuntza aske, osasungarri eta bizigarria. Ondotik soilik letorke, zinezko elkar ezagutu eta onartzearen ondorioz, -egun nahitaezkoa dirudien- ordenarekiko askatasun eta erantzukizunezko elkarlana.

Egungo egunean, erran gabe doa, jaia ez daiteke behiala bezala erabateko kaosaren leherketa izan; ia inon ez. Baina oraindik ere, zinezkoa izanen bada -sozietate eragin baikorrak barne-, kaosaren osagaiak funtsezkoak ditu. Asko da, beraz, jokoan dagoena. Peña-konpartsa eta antzekoak, batzuk behinik behin, saiatzen dira, baina edo auziak jendartearen puska garrantzitsu baten inplikazioa erakartzen du edo jai dugu, eta ez prezeski aipatzen ari garen motakoa.

Baiki. Gure inguruan, gainean, barnean garatuz doan mundua -menperakuntza, indibidualkeria, kontsumismoa, pasibismoa, abaila, sasi jaia eta antzekoak- jai osotuaren aurka doa; hots, gure berezitasun baten aurka. Galdera-erantzuna, beraz, gizarteari da. Baina, kontziente ote? Nahi/behar ote halako jairik?

Bitartean, zer gerta ere, jaian murgiltzea ez da errezeta txarra.