argia.eus
INPRIMATU
Itsasoarekin kulunkan
  • Olatuek etengabe jotzen dute gure itsasertza. Inoiz zakar, inoiz maitekiroago, baina beti haren itxura eraldatuz, gure begiak soma ezin dezakeen pazientziaz. Batzutan ika-mika iturri ere badira, noiz eta, Mundakako "ezkerra" bezala, dagoeneko existitzen ez direnean.
Unai Brea @unaibrea2 2005eko uztailaren 17a
Olatuek jatorri desberdinak eduki ditzakete, baina haizea izaten da ohikoena. Haizeak itsaso zabaleko uraren goiko geruzak jotzean, bertako partikulak mugiarazten ditu, energia bat emanez, eta energia hori beheko geruzetara igarotzen da ondoren. Hala, ur partikula bakoitzak egiten duen mugimendua zirkularra da, baina lekuz aldatu gabe; energia baino ez da mugitzen partikula batzuetatik albokoetara.

Kostaldera hurbiltzean, itsas hondoko lurrak partikulen mugimendu zirkularra geldotzen du. Hori dela-eta, olatua "hautsi" egiten da eta, energia ez ezik, materia ere garraiatzen du. "Hautsitako" hori da guk erabili, gozatu edo, batzutan, jasaten duguna. Olatua beti izan daiteke arriskutsua beraren aurrean gaudenean; zer esanik ez ekaitza dakarrenean. Gipuzkoako kostaldeko errepidetik ibili ohi direnek badakite zerbait horretaz.

Hala ere, gizakiok iaioak gara naturaren indarrak menderatzen eta gure mesederako erabiltzen. Energia sortzeko erabil ditzakegu, adibidez. Eta askoz sarriagotan, gozamenerako. Euskal Herria surflari lurraldea da, eta horiek olatua dute ezinbesteko lanabes. Surflari batek berba egin digu gure itsasertzean topa ditzakegun olatu mota desberdinez.

David Bustamante barrikarra Sopelako Peña Txuri surf elkarteko kidea da. Oso agerikoa den zerbait gogorarazi digu lehenbizi: kostaldeko olatu guztien itxura ez da berdina, haien sorrera eragiten duen itsasertzeko hondoa ere beti berdina ez den neurrian. Mundakako ezker olatu ospetsua, esaterako, "naturaren miraritzat" jo du Bustamantek. "Han, itsasadarra eta itsasoa elkartzearen ondorioz, hondoa oso ona izan daiteke, ala oso txarra, orain bezala", dio Bustamantek, surflariaren ikuspegitik beti ere. Baldintza egokiak daudenean, Mundakakoa bezain olatu ospetsua sor daiteke -surfzaleentzat, munduko hamar olaturik kutunetako bat ei da-: ez oso altua, luze-luzea, indartsua, oso hodi biribila sortzen duena, eta gainera abiadura egokian datorrena. "Olatua arinago joanez gero, surflariak ez dauka denborarik alderik alde osorik zeharkatzeko. Mundakakoak, berriz, abiadura perfektua dauka". Edo zeukan, hobe esanda. Baina laster itzuliko gara Urdaibai aldeko komerietara.


Altuak ere badauzkagu

Euskal olatu asko Mundakakoaren antzekoak dira itxuran, haren ezaugarri berezi-bereziak ez eduki arren. Baina baditugu Hawaiiren ikur bihurtu diren altu horietakoak ere. Sopelako Meñakoz hondartza txikia, esate baterako, "olatu handiak hartzeko munduko lekurik onenetakoa da". Era horretako olatuak topa ditzakegu, halaber, Getxon, Deban, Getaria bietan, Belharra inguruan (Hendaia eta Ziburu artean)... Azken horiek bide dira Euskal Herriko garaienak, eta surf-oholarekin baino, ur-motoarekin ibiltzen dira gehiago bertan.

Edozelan, olatua eguraldiaren menpekoa da. Zenbat eta hura okerrago, olatu gehiago eta handiagoak. Guk Irlanda aldetik "inportatzen" ditugu, Bustamanteren esanetan: "Han ekaitza badago, hemen olatuak ditugu". Alabaina, azken urte biak nahiko antzuak suertatu dira olatu kontuetan.


Zer gertatzen da Mundakan?

"Mundakan betidanik kendu izan da itsas-hondoko harea, ontzi handiak igaro ahal izateko", azaldu du David Bustamantek. "Horrek olatuari eragiten zion, noski, baina naturak berriz ekartzen zuen bere onera, denbora tarte labur batean". Orain urte bi inguru, ordea, hondar gehiago kendu zuten, eta gainera antzinako haremun batzuk berreskuratzeko erabili zuten hondar hori. "Ondorioz, itsasadarra ez da lehengo modu berean itsasoratzen, zati bat desbideratu egin baita". Olatua sortzen zuten baldintzak aldatu egin dira, eta olatua desagertu.

Harrigarria eman dezake olatu baten desagerpenak hautsak harrotzea, baina Mundakan asko dira protesta egiteko arrazoirik dutenak. Mundu osoko surflariak, alde batetik. Euskal kostalde osokoak biltzen ziren han, baita Espainia eta Frantziako asko ere; Australiatik eta guzti etortzen ziren entrenatzera. Eta hori, ia egunero. Ostalariak eta merkatariak pozik ziren, jakina. Horiek ere eskatu dute herriari olatua itzultzeko, mesedez, eta azkenik, desagertutako uhinaren bitsak politikariak zipriztindu ditu.

Ekainean, Josu Erkiaga, Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Azpisaileko Bioaniztasun zuzendariak, adierazi zuen hondoaren bilakabidea bide onetik doala, eta laster olatua eratzeko baldintzak izango direla berriro. Surflariek gezurtzat jo dituzte hitzok, eta ostalariek, bitartean, iragan hurbilaren mina dute. Itsasoak zekartzan mutil ilehori haiek ez dira inon ageri orain. Norbait ausartuko da inoiz Mundakako olatua zenari diruzko balio bat ezartzen?

Energia elektrikoa lortzeko
Otsailean iragarri zenez, olatuen indarra erabiliz energia elektrikoa sortuko duen zentrala egongo da Mutrikun. Gaur egun era honetako zentral bi daude munduan, Eskozian eta Azore uharteetan, baina turbina bana baino ez daukate. Hala, Mutrikukoa izango da turbina bat baino gehiago -hamasei, hain justu- edukiko duen lehena. Gipuzkoar herriko portuan dike berria egin behar dutela baliatuz paratuko dute zentrala. Dikeak 400 metroko luzera edukiko du, eta turbinek 75 beteko dituzte.
Ana Agirrek eta Alvaro Amannek -Industria eta Garraio sailburuak, hurrenez hurren- eman zuten proiektuaren berri, orain bost hilabete inguru. Esan zutenez, zentral berriak 1.000 lagunek urtebetean erabiltzen duten energia kopurua eratuko du eta, berari esker, eguratsera 1.000 tona CO2 botatzea galaraziko da. Sailburu biek gogoratu zutenez, 2010 urterako EAEn kontsumitzen den energia osoaren %12 bertoko iturri berriztagarrietatik -biomasa, haize-indarra, eguzki-energia...- eskuratzea nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta Mutrikuko ekimena asmo horrekin bat dator. Iragarpena, bide batez esateko, ez da denen gustukoa izan, baina protestak dike berriari dagozkio batez ere »Mutrikuko paisaia hondatuko duela diote batzuek», eta ez horrenbeste zentralari.