Nola aurkeztuko zenuke zure azken lan hau?
Bere tituluak badu zerikusia liburuan agertzen den pasarte txiki batekin, non azaltzen den sekula ez garela berriro izango izan ginenak. Nolanahi ere, tituluak ez du garrantzia berezirik istorioan. Nobela beltza denez, agian zuzenago litzateke Hiltzailea maiordomoa da edo horrelako zerbait jartzea, baina pista argiegia izango zen.
Hortaz, nobela beltza da Mendaroko txokolatea?
Beno, normalean nobela bat beltza izaten da delituen inguruan agertzen denean, eta gizarte kritika egiten duenean. Honek, ez askorik, baina gizarte kritika badu, eta delituak dauzka ardatz.
Zein da protagonista sukaldaria izatearen arrazoia?
Nobela errealista denez, inguruan oinarrituta dago, eta protagonistak euskaldunak dira nire ingurukoak euskaldunak direlako. Hasieratik egin nahi nuen nobela beltz bat, eta Durangaldean kokatu nahi nuen, ni han bizi naizelako. Durangaldean badaude mendiak, eta hor turismoak oso ondo funtzionatzen du, batez ere jatetxeek. Eta nire protagonistak jatetxe bat du, eta inguru horretan dago -izan daiteke Atxondo, Elorrio, Abadiño...-. Baina beste pertsonaiak leku ezberdinetakoak dira. Deba ingurukoa da bat, eta Bilbo ere ateratzen da -batez ere Otxarkoaga-.
Hiltzaileek ere zenbat eta indartsuago izan hobeto bukatzen dute?
Kate bat beti hausten da katebegi ahulenetik, horiek beti ordaintzen dute, bai liburuetan, bai benetan. Horregatik, nirean ere ahulenek okerrago bukatzen dute, eta indartsuagoek hobeto.