Freskagarri naturalena

Udako freskagarririk naturalena dela diote batzuek; botilan datorrena saldu guran ari direnek esaten dute hori. Baina botilan sartu aurretik, prozesu luzea du freskagarri natural horrek. Euria egin behar izan du lehenago eta lurpean hainbat denbora egin, hango mineralak bereganatuz, geroago lur-azalerantz bidea topatu eta ur-begiren baten ikusarazteraino. Uraz ari gara, ur naturalaz, hau da, ur mineral naturalaz. Euskal Herrian asko dira ur mineral naturalaren sorburuak, horietako batzuk termalak dira eta beste batzuk botiletan sartzen dituzte; baina guzti-guztiak mineralak dira eta herri sinesmenari jarraituz, horietako asko osasungarriak. Nork ez ditu ikusi ur botilarekin mendiko iturrira joaten diren herriko nagusiak? Batzuek burdin ura hartzen dute; beste batzuek, berriz, ur gaziak eta bateren batek baita ur azido gaseosoa ere. Mota honetako ur minerala gutxien topatuko dugu Euskal Herrian, eta hain justu, herri honetan dagoen bainuetxe gutxi horietako batean topatuko dugu: Karrantzako (Bizkaia) Moliner bainuetxean.

Ur mineraltzat jotzen da, osaera berezia duen eta osagai horiek denboran nahiko egonkor mantentzen duen ura. Espainiako arautegiak ez ditu ur mineralaren ezaugarri guztiak arautzen, baina lur-azpiko uraren ezaugarriei buruz ari da eta dio batez besteko giroko tenperatura baino lau bat gradu goitik azaleratzen den ura ur termala dela. Euskal Herrian, ur termal horiek, batez beste, 12 graduko giroko tenperaturan daude, hortaz, 16 gradutan egoten dira ur termalak, gutxienez.

Ur mineral termalez gainera, ur mineral industrialak ere badira gurean. Erabilera industriala duten urak dira eta ezagunenak, gatz-urak ditugu.

Hurrengo sailkapen nagusiena ur mineral medizinalak hartzen dituena litzateke. Sasoi batean bainuetxeetara joaten zirenek euren etxeetan ere ur «osasungarri» haietaz gozatzeko asmoz, ontzietan etxeratzen hasi ziren eta horrela etorri zen gaur egun ezagutzen dugun, eta bide batez ur kategoria honetan azkeneko talde handia osatzen duen, botilatzeko ura. H2O baino gehiago dira ur horiek. Hemen ere hiru talde nagusi egin daitezke. Azaleko urek, mineralizazio baxuena dutenak, kaltzio bikarbonatoa izaten dute (300-400 mg/litroko). Hauek ohikoenak dira, edozein iturritan topatzen ditugunak, baita etxeko iturritik hartzen ditugun urak ere. Bigarren talde batean kaltzio sulfatodun urak sartzen dira. Mineralizazio maila handiagoa dute (700-1.200 mg/litroko), batez ere sulfatoa. Ur hauetan gatza sumatzen hasten da, baina ez larregi oraindik. Hirugarren talde nagusia sodio klorurodun urek osatzen dute. Sakonenetik datozen urak izaten dira eta mineralizazio altuena dutenak ere bai. Ez dira edateko urak izaten, duten mineralizazio altuagatik eta ohikoena bainuetxeetan erabiltzea izaten da. Euskal Herrian Zestoako (Gipuzkoa) bainuetxean dute horrelako ura, esaterako.


Euskal Herriko bainuetxeak

Sasoi batean ezagun-ezagunak ziren gure herriko bainuetxeak. Paraje zoragarrietan eraiki ziren jauregi etxe erraldoiak, baina gizartearen (ekonomiaren) gainbeherak, tartean gerrak, bainuetxe horiek itxiarazi zituen. Hala ere, badira, ohitura osasungarri horri eutsi diotenak. Nafarroan, Bizkaian eta Gipuzkoan badago non gozatu ur-terapiaz, berta-bertako urarekin gainera. Nafarroan, Fiteroko bainuetxeak ematen digu horretarako aukera. 1869tik dauka izendapena. Sulfato-sodikoetan aberatsa da ura eta kaltzio eta magnesio asko du. Ur mineral gazia da eta termala da; sorburuan 48,5°tan ateratzen da. Ur mota hauetako asko diuretikoak izaten dira, beste batzuk, ordea, libragarriak. Min horia, xixku-katarroa, bare eta gibeleko gaitzak, nerbio gaixotasunak eta gastritis kronikoa dutenentzako osasungarriak direla esaten da.

Ur hauetako bainuak, berriz, paralisia dutenentzako gomendatzen dira bai eta azaleko gaixotasunen bat dutenentzako, giharrentzako, erreuma, eta ahuleziarentzako.

Gipuzkoan daukagu sasoi bateko bainuetxe handi horietako bat martxan oraindik; Zestoan hain zuzen ere. Fiterokoa baino askoz ere zaharragoa da Zestoakoa, 1792. urtetik dauka erabilera publikorako izendapena. Hemen ere ur mineral gazia dago eta, aurretik esandako legez, hainbat erabilera ematen zaio: digestio-aparatua, xixkuaren gorabeherak, gibeleko gaitzak, behazun eta giltzurrunetako litiasia, idorreria, hezueria, erreumatismo, artrosi, psoriasi, estres eta gizentasun gaitzetan erabiltzen da.

Euskal Herrian dagoen hirugarren bainuetxea, apur bat ezezagunagoa egingo zaigu, batez ere Bizkaiko eskualderik ezezagunenean dagoelako: Karrantzan dagoen El Molinar bainuetxea litzateke. 1895 eta 1901 urteen artean eraiki zuten, eta 1982an berritu. Palotinoek daramate eta hango ur termalak 1789an ezagutu ziren. Batez ere, erreumatismoak sendatzeko dira ezagunak.



Ur mineral industrialak

Erabilera industriala duten urak ere jasotzen dira Espainiako Zientzia eta Teknologia Ministerioak egindako ur mineralen sailkapenean. Bata Añañan dagoen Santa Engratziko Iturriko ura litzateke (Araba) eta bestea Nafarroako Jaitzko La Salina deitzen dena.

Bidearen araberako gatzak

Nolako txangoa egiten duen urak lur azpitik, halako ezaugarriak izaten ditu azaleratzean, hartutako bidearen arabera gatz batzuk edo besteak edukiko baititu. Zestoako Bainuetxeko zuzendariorde Jaione Egigurenek azaldu duenez, "guk bi iturri ditugu, eta bietatik ur sulfatatuak irteten dira, baina bateko ala besteko ura edan, eragina desberdina da". Hain zuzen ere, San Inazio izeneko iturritik ateratzen den urak gibelari egiten dio mesede; Natividad iturriak isurtzen duenak, berriz, giltzurrunari.
Edateak egin dezakeen mesedea gorabehera, hidroterapiek -igerilekua, txorrota, dutxa...- gaitz askori aurre egiteko balio dezakete. Oro har, onak izaten dira bai nerbio-sistemarako bai azalaren zein artikulazioen gaitzetarako -artritisa, artrosia...-. Beraz, edateko baino, bainu hartzeko erabiltzen dira gehiago. Edatekotan, bainuetxeko medikuen zaintzapean egin behar da »osasun arazoren bat izanez gero, baliteke guztiz onuragarria ez izatea»; bainua, aldiz, edonork har dezake lasai asko.

Botilako urak
Nafarroan botilatzeko bi ur-begi eta Gipuzkoan beste bi ditugu. Belaskoain eta Betelukoa Nafarroan eta Altzola eta Lizartzakoa Gipuzkoan.


Altzola

Erabilera publikoko lehenengo izendapena 1843an jaso zuen; 1869ko apirilaren 16an jaso zuen bigarrena. Urte horretan ur-begi asko eta asko erabilera barik geratu ziren. Batzuk aipatzeagatik: Aretxabaletako bainuetxeak (Gipuzkoan), Santa Agedako bainuetxeak (Arrasaten), Elorrioko bainuetxeak, Villaroko ur-begia… Aprobetxamendu publiko bako ur sorburuak daude leku horietan. Beranduxeagora arte iraun zuten Mungiako Larrauri bainuetxeak (1887), Markinako Urberuagak (1873), Altzoko Urberruagako bainuetxeak (1845)...
Baina gatozen Altzolako ur-begira. Bikarbonato-klorurodun ur kaltziodun-sodikoa da Altzolakoa. Ur gogorra dela esaten da eta mineralizazio gutxikoa. Ur emari bakarra dauka Elgoibarko Altzola ur mineral medizinal eta ur mineral naturala izendapenak dituenak.


Betelu

1866ko maiatzaren 28tik dauka erabilera publikorako izendapena. Altzolakoaren mineralizazio bikoitza du litroko Betelukoak (809 mg/litroko).


Insalus

1888ko martxoaren 16tik dauka erabilera publikorako izendapena. Sulfato-kaltzikoa erako ura da Lizartzako ur-begikoa. Gasduna eta gas bakoa eta erdi mailako mineralizazioa duena (700 mg/litroko).


Belaskoain

1888ko abuztuaren 3tik du erabilera publikoko izendapena. Gas bako ura da. Ur oso gogorra dela diote; 868,3 mg/litroko mineralizazioa dauka. Gainera, ur hipotermala da, 26°tan azaleratzen baita.


ASTEKARIA
2005eko uztailaren 17a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude