argia.eus
INPRIMATU
Estatistika nazionalak
Juan Mari Arregi 2007ko otsailaren 21

Tribuna honetan behin baino gehiagotan kexatu izan gara Euskal Herriaren benetako argazki sozio-ekonomikoa erakusteko dauzkagun zailtasunez. Kexu ginen prentsa, irrati eta telebistak ere errealitate hori distortsionatzen dutelako, izan ere, euskal errealitate horren alderdi oso mugatuak erakusten baitizkigute: estatu-mailako estatistikek baldintzatutako alderdiak -Espainiako, Frantziako edo Europako gobernuen uztaietatik pasatuz-, edo autonomia nahiz tokian tokiko estatistikek baldintzatutakoak, hain zuzen ere. Zailtasun horien jakitun izanik, mugaketa horiez kexatzen ginen, baina aldi berean Euskal Herriaren argazki nazionala eskain zezakeen erakunderen bat eratzeko beharra aldarrikatzen genuen. Bada, zorionez, arlo honetan mugimendu positibo berriak sortzen hasiak dira. Azken asteotan argitaratu dira zenbait euskal komunikabidetan Euskal Herriko zazpi lurraldeetako estatistika sozio-ekonomikoak. Hortaz, arlo honetan argitaratzen diren lehenengo estatistika nazionalak ditugu. Horregatik, hori egitea ahalbidetu duena agurtu eta txalotu behar dugu: Gaindegia, Euskal Herriko Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Behategia (http://www.gaindegia.org), bere "Datu Talaia" (http://www.datutalaia.net) euskal herritarren eta mundu osoaren eskura jarri duena.

Estatistika nazional horiei esker jakin dugu lehenengo eta bigarren euskal sektoreen egoera zein den, azken erreferentziatzat 2001. urtea hartuta. Besteak beste jakin ahal izan dugu Euskal Herrian okupatuta dauden pertsonen %3k baino ez duela egiten lan lehenengo sektorean: 36.322 pertsonek hain zuzen ere. Europako portzentajerik txikienetakoa da hori. Nafarroa Beherea eta Zuberoa dira Euskal Herriko alderik nekazarienak. Ezagutu dugun beste datuetako bat da Euskal Herriko biztanleria okupatuaren % 35,4k industrian egiten duela lan -Europar Batasuneko portzentajerik handiena dugu hori-. Gipuzkoan du pisurik handiena euskal industriak -langileen % 39,8 hartzen du sektore horrek-, eta Eskoriatza da herririk okupatuena. Beste datu bat ere badugu: Zerbitzuen sektoreak hartzen duela euskal langileria okupatuaren %61,6 eta zerbitzuak batez ere kostaldean kokatzen direla. Lapurdi da Zerbitzu sektorean hazkuntza handiena izan duen lurraldea; Bizkaia eta Gipuzkoaren aurretik dago. Azkenik, jakin dugu 2001ean Euskal Herrian 1.287.127 familia etxebizitza zeudela eta euskal etxebizitza bakoitzean batez beste 2,8 pertsona bizi zirela.

Agian baten batek pentsatuko du ia-ia 2006. urtean egonda estatistika horiek zaharregiak direla. Baina ez da ahaztu behar Euskal Herriko administrazio desberdinetako erakunde ofizialek ere, nahiz eta baliabide gehiago izan, ez daukatela beraien lurraldeetako datu eguneratuagorik. Datuetara gehiago hurbiltzeko, ona litzateke era batera edo bestera gure herrialdearen egoeraren inguruko ikerketa eta txosten bereziak egiten dituzten euskal erakundeen arteko lankidetza -administrazio publiko, unibertsitate, merkataritza ganbera, finantza erakunde, gizarte erakunde, sindikatu eta abarren arteko lankidetza, alegia-.

Antxoa berreskuratzeko neurri urriak. Antxoa berreskuratzeko asmoz, hilabete honen hasieratik Bizkaiko Golkoan antxoaren arrantza hiru hilabetez ixteko agindu du Europako Batzordeak. Alabaina, ez dirudi neurri hori nahikoa izango denik antxoa berreskuratzeko. Zenbaitek eskatutako sei hilabeteko itxialdia ere ez litzateke nahikoa izango itsas aditu batzuen arabera. Antxoa benetan salbatu eta bisiguarekin eta beste hainbat arrainekin gertatutakoa berriz gertatzerik nahi ez badugu -badira urte batzuk gure uretan horrelakorik arrantzatzen ez dela-, neurri zorrotzak hartu beharko lirateke, erasandako herrialde guztiek bete beharreko neurri gogor eta epe luzekoak. Euskal arrantzaleek eta Kantaurikoek neurriak betetzeak ezertarako ez du balioko Frantziako estatukoek ere betetzen ez badituzte. Interes politikoak alde batera utzi beharko lirateke denok batera antxoa berreskuratzeko borroka egiteko.

MCC babestu eta defendatzea. MCC euskal enpresa taldeko arduradunek erasora jotzea erabaki dute espainiar eskuinarekin, PPrekin, lotutako plataforma mediatikoak bere enpresa eta produktuen (Eroski, Fagor, Irizar, eta abar) aurka egiten ari diren boikot kanpainari aurre egiteko. Boikot kanpaina horren berri eman zuen ARGIAk 2005eko apirilaren 24an, 1989. zenbakian. MCCko arduradunek boikotaren arduradunen aurka jarritako kereilaz gain, komeniko litzateke gizarteak ere bere erantzuna ematea. Zergatik? Hain justu ere kanpaina hori ez delako MCCren kontrakoa bakarrik, euskal ekonomia eta langileen kontrakoa ere bai. Erasotako Arrasateko enpresa taldea, zuzeneko ia ehun mila lanposturekin eta bere inguruan sortzen dituen zeharkako beste lanpostuekin, euskal ekonomia sarearen zati da. Ideologia desberdintasunak alde batera utzita gizarteak MCC babestu eta defendatzen badu, euskal ekonomia sarea defendatuko du. MCC defendatzea Euskal Herriko aberastasun eta enpleguaren zati oso garrantzitsu bat defendatzea da.