Zeru bete metal

  • Orain hamarkada batzuk amets hutsa ziren, eta orain ezinbestekoak ditugu. Sateliteek -satelite artifizialek esatea hobe, naturalak ere badaude eta- egundoko garrantzia dute gure eguneroko bizimoduan. Ehunka dauzkagu gure buru gainean, batzuk zenbaitzuren negozio, besteak guztion onura.


2005eko uztailaren 10an

Telebistako dokumentalei jaramon egin behar badiegu, unibertsoaren zatirik handiena ezereza da. Hutsik dago ia erabat, han-hemenka zipriztinduta materia puska batzuk dituela. Azken hamarkadetan, ordea, puska horietako bateko biztanleak hutsune eskerga hori zertxobait "betetzen" dabiltza, espaziora sateliteak bidaliz.

XX. mende hasieran gizakiok -jakintsuenek behintzat- bagenekien objektuak Lurraren orbitan ipintzea posible zela. Baina ezin teoriatik haratago joan, ez baitzegoen horretarako teknologia nahikorik. Zerbait orbitan jartzeko, orduko hamarka mila kilometroko abiaduran irten behar da Lurretik, eta 50eko hamarkadara arte ez zen horrelakorik lortu. 1957an, hain zuzen, errusiarrek Sputnik I igorri zuten espaziora. «Bip-bip» egiten zuen metalezko bola bat baino ez zen, baina aro berri bat zabaldu zuen. Teoriaren mugak gaindituta, gizakiak bazekien sateliteak benetan koka zitzakeela orbitan.

Sateliteen garapenean zerikusi handia eduki zuten gerrek, eta horien artean Gerra Hotzak ere bai. Joan den mendean balistikan izandako aurrerakuntzek, esaterako, izugarri lagundu diote satelitegintzari. "Beste arlo askotan bezala, gerrak eragiten du teknologia hobetzea edo asmatzea, eta gero ikusten da teknologia horrek erabilera onuragarriagoak eduki ditzakeela", diosku Miguel Bellók, Deimos espaziogintza-enpresa espainiarreko zuzendariak.

AEBren eta SESBren arteko lehiak bizitasun handia eman zion espazioarekin lotutako ikerkuntzari, lehenengo satelitea bidali eta ondorengo urteetan. Orduan inork ez zekien zer aurkituko zen Ilargian, esaterako. Nork jakin ondasun baliotsuak ez ote zeuden bertan? Badaezpada, hobe etsaia baino lehenago iristea. Azkenik, superpotentziek ikusi zuten han goian ezer gutxi dagoela, eta espazioko lasterketa asko moteldu zen. Horren lekuko, 30 urte inguru igaro izana Ilargira inor bidali barik. Ordurako, alabaina, jabetuak ginen sateliteek ekar ditzaketen onurez. Eta hala, urteetan zerua metalez betetzen jarraitu dugu.

100.000 objektu Lurraren inguruan

Gaur egun herrialde askok dauzkate sateliteak. Denak ez dira objektu bat espaziora bidaltzeko edo satelitea bera egiteko gai, baina badute dirua dakitenei erosteko. Guztien artean milaka jaurtialdi egin dituzte lehenbiziko Sputnik xume hura espazioratu zenetik, eta horrek eragin du 30.000 objektu inguru egotea orbitan. Dena den, 20.000 mila desagertuta daude dagoeneko. Batzuk unibertsoaren handitasunean galduta; gehienak Lurraren atmosferak erreta, honantzako bidean. "Baina oraindik 10.000 daude, eta %95 zaborra da", azaldu digu Miguel Bellók. Hau da, lanean dabiltzan sateliteak %5 baino ez dira. Gainerakoa dagoeneko "hilda" dauden sateliteek, leherketen hondakinek, jaurtitzaileen hondakinek... osatzen dute. Behinola txango espaziala egitera irtendako astronauta bati galdutako bihurkin bat ere badago. Kontuan hartu behar da, gainera, hamar zentimetro baino gehiago dauzkaten gauzez ari garela soilik. Horiek baino txikiagoak ezin dira atzeman, baina uste da guztira 100.000 objektu artifizial daudela orbitan, gutxi gorabehera.

Objetu txikiak orbitan izandako leherketetatik datoz, batez ere. Leherketa horietako batzuk, hain zuzen, espazioan hainbeste gauza egotearen ondorioz gertatu dira. "Zeozer bidaltzen den bakoitzean, arreta handiz jokatu behar da, bidalitakoak ezerrekin talka egin ez dezan. Eta izan dira talkak". Bellóren esanetan, espazioko zaborra arazo larria da gaur egun. Izan ere, objeturik txikienak ere arrisku handia sor dezake, oso abiadura handian doalako. Margo partikula txiki batek, esate baterako, txangoa egitera irten den astronauta hil dezake, joz gero jantzia zulatuko diolako.

Hiru zeregin nagusi

Hiru motatako sateliteak daude, zereginaren arabera: komunikazioetarako erabiltzen direnak, Lurra behatzen dutenak eta nabigazio-sateliteak. Azken horien artean GPS sistema ezaguna dago -30en bat satelitek osatutako "konstelazioa" da- , AEBtako Defentsa Departamentuaren kontrolpean. Satelite militarrak dira, beraz. Errusiarrek ere badute GLONASS izeneko sistema bat, eta laster, Europako Espazio Agentziak (ESA) Galileo izenekoa bidaliko du. Azken horren helburua, batez ere, Europako abioi-zirkulazioa ordenatzea izango da, eta ESAk enpresa pribatuen esku utziko du haren kudeaketa.

Lurra behatzen duten sateliteak, berriz, beste multzo bitan sailka daitezke: militarrak eta zibilak. Militarren berri espioitza nobelei esker dugu batez ere. Zibilek teknologia bertsua darabilte, baina helburua txalogarriagoa da. Bellók dioskunez, ingurugiroa zaintzea da haien funtzio nagusia: "Ozono geruza behatzeko modurik onena, esaterako, satelite bidezkoa da. Kiotoko protokoloa bezalako akordioak ere ezin izango lirateke gauzatu sateliterik gabe. Nola jakin bestela herrialde bakoitza zenbat kutsadura ari den igortzen?". Gaur egun, satelite batek ia dena neur dezake. Eskualde jakin batean basamortua aurrera doan ala ez ikusten dute, edota Prestigerena bezalako isurketa batekin zer gertatuko den. Eskuko telefonoekin gertatzen den antzera, ez zeudenean moldatu egiten ginen haiek gabe, baina orain derrigorrezkoak ditugu.

Orbita geoestazionarioa, ondasun urria

Lurra behatzeko sateliteen artean, aparteko aipamena merezi dute eguraldia iragartzekoek. Horiek dira gure eguneroko bizimoduan gehien eragiten dutenak, komunikazio-sateliteekin batera. Bi satelite mota horietako gehienak orbita berezi batean dauzkagu: orbita geoestazionarioa, Lurretik 36.000 kilometrora. Oso goian, beraz. Berezitasuna zera du: orbita horretako objektuak beti daude Lurreko puntu beraren gainean, planetari soka batez lotuta baleude bezala. Bellók gogorarazten digunez, orbita geoestazionarioa gizateriaren ondasuna da, eta oso urria gainera: "Gerriko bat baino ez da, eta ehunka satelite bidali ditugu bertara jadanik. Guztiz betetzear da".

Sateliteak "ehortzi"

Badago modu bat orbita geoestazionarioa hain beteta egon ez dadin: sateliteak ehorztea. Izan ere, sateliteak hil egiten dira: erregaia amaitzen zaie eta ezin dituzte maniobrak egin, edo tresneria hondatzen zaie, edoà Gutxi gorabehera, sateliteen biziraupena bi eta hamar urte bitartekoa izaten da. Baina orbita altuen kasuan -geoestazionarioa, esaterako- hil eta gero ere hantxe geratzen dira betiko, Lurrak ezin baititu xurgatu. Honenbestez, NBEk gomendatu du orbita geoestazionarioan dauden sateliteak ehorztea, hots, gutxienez 300 kilometro gorago dagoen orbita batera bidaltzea. Dagoeneko ezarrita daude horretarako orbitak; "hilerri-orbitak", hain zuzen.

Ehorzteak arazo handi bat dakar, ordea: "Ehorzte-maniobra egiteko -azaldu du Bellók-, erregai asko erabili behar da. Sateliteak urte erdiz edo urtebetez funtzionatzeko behar den adinakoa, beharbada. Beraz, ehorzteak dezente laburtzen du haien bizitza, eta horrek euro asko irabazteari uko egitera behartzen ditu jabeak. Batzuek arazorik gabe onartzen dute, baina beste batzuk konbentzitzea zailagoa da". Esan dezagun, bide batez, komunikazio-sateliteen ugazabak enpresa pribatuak izaten direla, Lurra behatzekoak gobernu edo espazio agentzienak diren bezala.

Zer dakar etorkizunak?

Etorkizunerako asmo handiak daude. Handinahiena, zalantza gabe, Lur osoa kontrolpean edukiko duen sistema eskerga sortzea da, munduko agentzia eta herrialde guztien sistemak bateratuz. "Uneoro jakingo dugu Lurra gehiegi berotzen ari den, negutegi efektua zertan den, zer ari den gertatzen ozonoarekin, herrialde bakoitzak aitortzen duen beste kutsadura igortzen duen edo iruzur egin nahian dabiltzanà". Era berean, antzeko asmoak daude meterologia arloan, hondamendiei aurre hartu ahal izateko.

"Azkenik, Europan bada espazioa behatzeko plan handia, Aurora izenekoa, baina diru falta du galga", azaldu digu Deimoseko zuzendariak. Antza, badago krisialditxo halako bat, eta inbertsioa asko moteldu da Armstrongek lehenbizikoz Ilargia zapaldu zuenetik. Bestela, espazioan ez legoke, agian, leku nahikorik honezkero.

Espazioak «itzuliko» diguna
1.000 kilometro baino baxuago dauden satelite guztiak "jausi" egiten dira noizbait. Atmosferak, gutxika-gutxika, gelditu egiten ditu eta, azkenean, erre ere bai. Hala da kasu gehienetan, baina ez guztietan: "Energia nuklearrez dabiltzanak Lurrera itzultzen dira »diosku Miguel Bellók», oso material gogorrez eginda daudelako eta ez direlako atmosferan erretzen". Garai batean, AEB eta SESB mota horretako sateliteak espazioratzen hasi ziren, nor baino nor. Zorionez, superpotentzia biek aintzakotzat hartu zituzten Nazio Batuen Erakundeak egindako gomendioak, eta ez da satelite nuklearrik jaurti azken hogei urteetan.

Zelangura, Gerra Hotzean egindakoen kontuak ordaintzeko dauzkagu oraindik. Tona eta erdi uranio daukagu buru gainean biraka, eta noizbait itzuliko da. Arazo larria da, Miguel Bellók dioskunez, eta dagoeneko izan dira gertakari tamalgarri batzuk. Berbarako, satelite batek erradioaktibitatez kutsatu zuen Kanadako eskualde bat 70eko hamarkadan. "Satelite hauek nahi duten lekuan jausten dira, haienganako kontrola galdu delako. Erregaia agortu zaielako, normalean. Eta hori bazekiten jaurti zituztenean". Gaur egun, satelite horiek arreta handiz behatzen dira, noiz eta non eroriko zain.

Handiagoak ere etorriko zaizkigu. Nazioarteko Estazio Espaziala, berbarako. Handiegia da atmosferak osorik erretzeko, eta beraz gure artera itzuliko da noizbait. Kasu honetan, ordea, kontrola gure esku dago. "Espero dezagun MIR estazioarekin egin zuten bezala egitea honekin ere. Hau da, Lurreko leku jakin batean jausi dadin prestaketak egin. Horretarako, estazioaren bizitza `laburtu'' behar da, erregaia daukan bitartean egin behar direlako maniobrak. Baina gaur egun agentzia guztiek barneratu dute arazoa larria dela, eta oso arriskutsua izan daitekeela satelite edo estazio bat berez hiltzen uztea, haren kontrola galduz".

Zenbat neurtzen du satelite batek?
Espaziora igorri zen lehenengo satelitea, Sputnik, metro erdiko bola zen. Inoiz bidali den handienak, Envisatek, hamar tona ditu eta autobus baten tamainakoa da. Oraindik ari da lanean. Envisat espaziora bidali zen garaian, satelite handiak zeuden modan: tresna asko dauzkate eta datu desberdin asko eman ditzakete aldi berean. Gaur egun, berriz, eta Lurraren behaketari dagokionez, gauza bakarra aztertzen duten satelite txikiak gailendu dira atzera. Komunikazioetarako, hala ere, nahiago izaten da oraindik handiak izatea, transpondedore gehiago eta, beraz, gaitasun handiagoa daukatelako. Satelite gehienek 200 kilo eta zenbait tona arteko pisua izaten dute. Arruntek 500 kilotik gora edukitzen dituzte, eta pertsona bat baino handixeagoak dira.

Irudiak salgai
Oro har, komunikazio-sateliteak pribatuak izaten dira, eta Lurra behatzekoak publikoak. Baina azken boladan hori ere aldatzen hasia da. Dagoeneko, AEBetako enpresa pribatu batzuek Lurra behatzeko sateliteak bidali dituzte espaziora. Haiek hartutako irudiak, gero, salgai ipintzen dituzte euren web orrien bitartez, dolar kopuru hazi baten truk, ezkontzetan argazkiak saltzen dituztenek bezala. Edonon dago negozioa.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude