argia.eus
INPRIMATU
Zer da: Kontu kontsolidatuak
Daniel Udalaitz 2005eko uztailaren 10

Askotan entzun izan dugu halako talde bankario edo industrialaren emaitza kontsolidatuak honenbestekoak izan direla. Zer esan nahi da kontu edo emaitza kontsolidatuez hitz egiten denean? Enpresa guztiek dute urteko kontuak aurkezteko obligazioa. Kontabilitateko egoeraren agiriak izaten dira, eta aldian-aldian aurkeztu behar izaten dituzte, akziodunak eta enpresa-komiteak informatzeko edota instituzio tributario edo finantzarioen errekerimenduz. Bada, zenbait enpresak sozietate-talde bat eratu ohi dute, elkarbanatutako zuzendaritzarekin. Bi adibide jarriko ditugu. BBVA taldea mundu osoan barreiatutako hainbat enpresak osatzen dute, baina zuzendaritza bat du. IZAR taldeak -Sestaoko La Naval enpresa zegoen hor- hainbat enpresa ditu Espainiako Estatuan, baina zuzendaritza bakarra. Bada, talde horiek urteko kontu kontsolidatuak aurkeztu behar dituzte. Kontuak prestatzean, eliminatu egin behar dituzte elkarrekiko kredituak eta debituak, bai eta sozietate bakoitzak talde bereko kide diren beste batzuekin egindako operazioen ondorioz lortutako mozkinak ere. Horrela, urteko kontu kontsolidatuek taldeak hirugarrenei buruz izandako emaitza eta ondare netoak erakusten dituzte -dagozkien zergak alde batera utzita-.