Turkia aldean ibili berriak dira lagun lagun batzuk, landareei begiratuz gain ikusten dituen bat tartean. Hango paisaietaz hitz egiten eta begian jo zuen bakarra sasiarkazia aitatu.
Sasiarkazia Ameriketan iparraldekoa da. Enrike IV.aren lorazaina zen Jean Robinek 1.601ean jaso zituen Kanadatik bidalitako lehen haziak eta 1624an landatu zuen lehen zuhaitza Parisen. Haren ohorez Robinia pseudoacacia izena eman zitzaion. Ehun eta hogei bat urte bizitzen da eta ezagutzen den ale handienaren ipurdiak 1,6 metroko diametroa du eta 5 bat metroko perimetroa. Egurra busti-lehorrerako ezagutzen den onena da eta garai batean gure artean gaztainak zuen tokia aspaldi hartua du: itxituretako hesolak, atakak… Erretzeko ere, nahiz eta txinpartatsua izan, oso ona da. Etxeetan, egituratan alegia, erabiltzeko zutikako lana egin behar duten zutabe eta abarretarako haritza bera baino hobea da. Baba eta ilar jendearen familiakoa denez, airetik nitrogenoa hartu eta lorrera lotzen duten bakterioak ditu zainetan apopilo. Izerdiak makilgoxoaren antzeko gustua du, baina osagai toxiko bat du. Lorea multzo zintzilikarioetan zuri zabaltzen du, albardatuta jateko ederrak dira eta eragin lasaigarria dute.
Turkian ikusi eta aitatutako sasiarkaziak ederki mantenduta omen zeuden edozein kaletan borobil-borobil inausita. Lagunari adierazi nion sasiarkazi horiek ez direla inausita borobilduak, berez direla esferikoak, txertatutako barietate berezi bat: Robinia pseudoacacia Umbraculifera alegia. Izenak dioen eran aterki baten eitea hartzen du, tiki samarra da eta espezie nagusiak dituen arantzatzarrak izaten ez dituenez kaleetarako, kaletar ahulen arterako egokia da oso.
Ondarroatik barrena Berriatuako idi probetara bidean ibili gara duela gutxi. Ondarroan errioaren ondoan dagoen haur eskolaren aldameneko enparantzan era honetako sasiarkazia sail polita badago, Euskal Herrian oso bakanak diren erakoa. Itsasoan amutik bizi direnek ez dute, nonbait, beren haurrak arantza artean haztea nahi…