Testuingurua


2005eko uztailaren 10an
Beste zenbait kontsideraziotan sartu gabe, iruditzen zait gurean noizean behin pizten diren eztabaidatxoen ezaugarri nagusia apaltasuna dela, maila baxua ez esateagatik -"profil baxua" esango genuke, gaztelania imitatuz gero-. Batek ments ditu ahots larderiatsuak, esateko asko lezaketenak, arnas handiko planteamenduak, urrun iristen diren begiradak; eta sobra gaurkokeriak, zilborkeriak -ezintasunak, nartzisismoa, banitatea...- eta epe laburreko interesak. Agian horrek denak gauzak oso berde daudela baizik ez du esan nahi. Egia unibertsaltzat daukat -hortaz, euskaldunen jarduna ere bere baitan hartzen duena- ezen sormenaren alorrean, era orokorrean, zapatak min non egiten duen, han jartzen dela trapua. Besterik da egia hori ukatzea gure sormena ukatzeko bide sibilinoa ote den; besterik da zenbat zapata eta zenbat min dagoen; besterik da, halaber, maleta hauekin norainoko bidaia egin dezakegun: Fenix hegaztia, bere errautsetatik berpiztu eta hegan egiteko prest agertu zenean, oilo bat zela konturatu zen.

Apaltasunez esaten dut iruditzen zaidala gauden honetan, balizko eztabaida baterako elementuak jartzen hastea ez litzatekeela gutxi. Eztabaidarako elementuen bila, ez zait alferrekoa iruditzen Europan, urrutiago gabe, gertatutakoak aztertzea. Seguru asko handik eta hemendik arakatuz, gurean ere aplikagarria litzatekeen zerbait topatuko genuke.

Sujerituko nioke irakurleari Roberto Roselliniren Roma citt… aperta (Erroma, hiri irekia) filma ikustea, eta ondoren Italo Calvinoren Il sentiero dei nidi di ragno (Armiarma habien bidexka) nobela irakurtzea, are egileak 64ko ediziorako propio idatzi zuen hitzaurrea, eta gero bi lanak, politikoki eta estetikoki, alderatzea. Rosellinik Italia berriaren inperatibo bat bete nahi/behar omen zuen, larrialdiko ikuspegi nazional baten mezua pasatu nahi/behar bide zuen, italiarren irudi ezin heroikoagoa eskainiz, gaur barregarri iruditzen zaizkigun baliabideak erabiliz baina duda gabeko talentuarekin; Calvinok, ordurako -eta bi obrak 1945 edo 1946koak dira-, nazien aurka altxatu zen partisanoen irudi kritikoa, are gordina, ematen zuen, bere garaian gogorra izango zen modu batez, lehen nobela batek baizik ezin harrapatu ohi duen asmo garbiaz eta prosa ezin biziagoaz. Baina inor ez zen, dakigularik, Calvinoren aurka jazarri, seguru asko bere orduko militantzia komunista bere hitzen gainean egongo zelako, edo euforia giroak ez zuelako horretarako lekurik uzten. Eta biak, bai Rosellini eta bai Calvino ere, borroka irabazietatik zetozelako. Detailea funtsezkoa iruditzen zait, edozein estrapolazio egin baino lehen; are auzia bere koordenadetan jartzeko ere: dakigunez, joan diren hirurogeita hamar urteetan, hemen garaile bakarra izan da eta galtzaile asko. Eta diferenteak. Galdera batzuk egin genitzake: kontatzeko hain gogo bizia edukiko zuketen Rosellinik, Calvinok eta enparauek, baldin eta borroka galdu izan balute? Onartuko zizkioketen Calvinori partisano ezkertiarrei egindako kritikak, baldin eta Italia berrian demokrata-kristauek komunistak kartzelatzeari ekin izan baliote? Zer sortuko zukeen batak zein besteak baldin eta Leningradon sobietarrek galdu, eta Italiako zati bat, Lombardia demagun, nazien esku gelditu izan balitz? Ez dugu inoiz jakingo, baina gogoeta egin dezakegu horretaz guztiaz.

Hori ez esateagatik hogeita bost urte aski eta sobra izan zirela Italiako gerra ondoko lilura eta euforia-giro hura erabat suntsitzeko. Leonardo Sciascia handiak kontatu zuen demokraziaren porrota liburu gogoangarri batean (Il contesto, 1971), gero Francesco Rossik zinemara eramandakoa (Cadaveri Eccelenti, 1974). Artean Espainian Libertad sin ira konposatu zuena gitarra jotzen ikasten ari zen. Hori ere datu bat da.

Enfin, nik gaur idatzi nahi nuen ARGIAn debutatu nintzeneko garaiaz -84an, 85ean, hor nonbait-, artikuluak idazmakinaz idatzi eta Roncalesan jartzen genituenekoez, norberak portea ordainduta, orduko eztabaida absurduez eta amets zoroagoez. Baina kasik utziko dut hori dena ARGIAk 3.000. zenbakia ateratzen duenerako, hau dena ere absurdua eta zoroa irudituko zaidanerako.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude