Zer idatziko genikek egungo Iparraldeaz duela 20 urte bezala ARGIAn aritzen bagina? Aitzinatu garela? Hurbildu gure orduko ametsei? Zaila egiten zaidak argia itzaletik bereiztea, edo itzaletik argia.
Aurreratu garela Iparraldean? Dudarik ez. Baina egungo mugimendu abertzale moteldu desmobilizatuan, militantziak eta gazteriaren akuiluak eskas aire, Demoen salbuespena kendurik. Auzapezak baditiagu, Kontseilari Orokor bat baina den mendreneko ezagutza politikorik ez. Hala ere, badituk lorpenak. Laborantza Ganbara, bat azpimarratzekotan. Baina bitartean lurrak eta etxeak kanpotarrei sal eta sal ari dituk: dirua lege eta gu guhaurren herrian -laster- arrotz.
Euskara? Ikaragarri galdu duk. Alta, ez du inoiz hainbeste tresnarik izan alde. AEK garatu duk, ikastolak hazi … baina zenbat gaztek irakurtzen dik hemen ARGIA edo Berria? Idazle berri zenbait baduk (ARGIAn, Berrian, Xirikan, literaturan), irratietan ere errelebo zerbait heldu da. Baina ez ote dira kasu bakanegiak?
Hurbildu ote gara mugaz bi aldeetako euskaldunak? Hasteko ez da inoiz hain ongi tratatua izan Euskal Herri osoko informazioa euskal prentsan. Informazioa askoz gehiago kurri da. Baina informazioa bakarrik. Ematen dik elkarri so gaudela, honainditik haraindira eta alderantziz. "Proiektu nazionala" aitzinatu dea? Hitzetan izugarri! Elkarguneetan, elkar ezagutzan guti ene gustuko. Zein gazte guti heldu den Hegoaldetik Euskal Herria Zuzenean festibala -hara beste lorpen bat- bezalako hitzorduetara. Eta zein guti joaten garen Nafarroa Oinez eta abarretara. Beharbada bertsolari belaunaldi gazte indartsuak, euskararen pasaportea eskutan, irauliko dik gure buruetan den muga. Araiz!
Zer idatziko genikek, Mikel, egun? Gabi Mouescari Euskal Herrira itzultzeko debekua kendu berri diotela azkenean, baina Filipe Bidarti baldintzapeko askatasuna ukatzen jarraitzen dutela eta Frantziako Estatuko presondegietan ez dela inoiz hainbeste euskal presorik egon?
Argiak eta itzalak. Ezin trenka. Txarrenaren azpimarratzekotan hobe ixiltzea.
Sanferminetan eginen diagu solas: ordura arte.