Hiru laurdenak pasa ditut desadostasunen zakua bizkarrean husteko ahaleginetan. Inoiz, zakua aski ez eta gurdia ere behar izan dut metatutakoak garraiatzeko. Adostu gaiak hala ere ugariagoak izan dira bestelakoak baino. Hustutakoak gutxitan zaizkit gertatu erabatekoak, nik nahi bezalakoak, beti ere bere nekean arerioenei leku egin beharrean aurkitu bainaiz, ogibidea jokoan dugularik nahi bezalako menua lortzea ez baita erraza. Ez kalitatez, ez kantitatez. Egun, Ibarretxe eta Lopez ari dira beren menuaren berri ematen, iduriz behar lituzketen adina bazkalkide mahairatu gabe. Biek dakite beren mahaia betetzeko, jaki-zakua husteko zein litezkeen sukaldean egosten ezarri beharreko jangaiak. Haatik, ez dirudi miraria denik menua egokitzea. Berenak okatuak, besteak gose grebara igortzera erabaki dute egoskorki, dorpeki. Errazti andereak abertzaleak egin nahi ditu beren talentu eskasiaren arduradun, Ibarretxeren mahai albotik urruntzeari izua dionak, bere antzera errotarriak irents ditzaten proposatuz. Ezker abertzaleak bestelako jakiak ditu gogoko, beharrezko, egosi aurrez deskonjelatzen aski lan dutenak. Eta konjeladorearen gakoa duten alderdiek beharko dute ireki eta husten hasi, azpian harrapa ez ditzan.