Espero zena baino askoz aiseago atera da hautatua lehendakari Juan Jose Ibarretxe, eta horrek bederen adierazten du zerbait, humus egoki bat badagoela normalizazio politikoan aurrera egiteko eta hori dela alderdi gehienek lehenesten dutena. Adierazten den bezala, gaur gobernagarritasuna bigarren mailakoa bada ere, bai Madrilen bai Gasteizen komeni da gutxieneko egonkortasuna indarrak normalizazio politikora lasaitasunez eta tinkotasunez bideratu ahal izateko. PPk eta PSOEk beren desadostasuna adierazi dute, baina bistan da oso arrazoi desberdinak dituztela. PSE-EEk bere aldeko baldintza egokiagoak beharko ditu, esate baterako publikoki alderdien mahai batean lasai aritzeko; eta, jakina, denbora ere beharko du. Alderdien mahaiaren eraketa izango da datozen hilabeteetako helburu nagusia, eta zeregin horretan ere aterako da oztopo ugari. Orain, beraz, akaso garrantzitsuagoa da mahaiaren azpian alderdiek behar adinako harremanak eta edukiak lantzea, bidea prest denean mahaiaren gainera behar adinako indarraz ateratzeko.