Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hautaketa saioak ez zuen horretarako betarik eman, baina azken boladan analista politiko zenbaitzuek adierazi dute etorkizun ertainean EAJren eta PSEren arteko koalizio gobernua egon daitekeela PSEko eta EAJko zenbait pertsona garrantzitsuren buruetan. Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Josu Jon Imaz izango lirateke alternatiba horren aldeko, baina halako egoera bat emateko normalizazio prozesuan aurrera egin beharko litzateke. Areago, halako eredu batek kanpoan utziko luke Juan Jose Ibarretxe lehendakaria. Asko esatea dirudi, baina halakoak irakurtzen ari dira seriotzat jotzen diren analista politikoen lerroetan. Dezente irakurritako kontuak dira, esate baterako, Josep Ramoneda eta Javier Ortizen lumak aritu dira halakoekin, hori bai, bi alderdi hauen inguruetan entzundako iritzi eta elkarrizketetan oinarrituta.