Osasuna, guztion ondasuna?

Hemendik gutxira, Osasuna futbol taldea UPNren beso luzea baizik ez da izanen, zaleek hori eragozten ez badute, behintzat. Eskubaloiko San Antonio Porland taldea ere UPNren sareetan dago aspaldi honetan. Azken finean, eskuindarrek kirola eta kirolariak erabiltzen dituzte Nafarroaz duten ideia ahalik eta gehien zabaltzeko. Hori argi eta garbi erakutsi dute, konparazio batera, Osasunak kopa finalerako txartela eskuratu zuen une beretik. Baina "gorritxoez" jabetzeko estrategiak baditu hainbat urte. Gaur egungo zuzendaritzaren aurretik bertze bat zegoen, arrunt desberdina, oraingoarekin batere zerikusirik ez zuena. Javier Miranda zen buru zuzendaritza hartan, pertsona benetan desegokia Nafarroa ofizialaren ikuspegirako, harri txintxarra agintarien zapatan. Sekulan ez zioten barkatu futbol taldeko hauteskundeetan garaile atera izana Pegenauteren aurkako lehian. Pegenaute bai, euskararen aurkako zuzendari nagusi horixe berbera. Ondotik ere, eskuindarren begietarako, Mirandak bekatu larri-larriak egin zituen eta denetan larriena Sadar futbol zelaia Bai Euskarari ekitaldirako utzi izana. Aspaldiko partez, harmailak jendez mukuru ikusteak hain sortu zuen eskuindarrengan kolera gorria, ezen handik zortzi egunera Diario de Navarrako Ollarrak "aski da" oihukatu zuen bere luma gaiztoaren bidez. Orduantxe indarberritu zen euskararen aurkako borroka, "aski da" hartatik etorri ziren euskara zokoratzeko neurri guztiak eta, orduantxe ere hasi zen Mirandaren aurkako jazarpena. Polizia ere bidali zuten goizeko ordu txikietan presidentearen etxera, huraxe atxilotzera, huskeria bat izan zela kausa: Sadarko atarian, poliziak bikote gazte bati sarrera galarazi eta Miranda gazteen alde atera zen. Leporatu zioten poliziari gogor egin izana eta haien segurtasuna arriskuan jartzea. Argi zegoen bere kontra ari zirenak edozein bide erabiltzeko prest zeudela eta, hori ikusita, Mirandak erabaki zuen hurrengo bozetan ez aurkeztea.

Behin Miranda jokoz kanpo utzirik, eskuindarrek bi hautagai aurkeztu zituzten. Bata, "ofiziala"-edo erranen genuke, jende guztiak pentsa zezan huraxe zela UPNk bultzatutakoa eta, bertzea, estalia, hau da, halako ukitu euskaltzale apal-apal batez zipriztindua ageri zen gizon ele zuria, gaur egungo Patxi Izko presidentea, alegia. Orain, Izkok maskara kendu du eta, esaterako, Athletic-ekiko harremanak hautsi ditu, politika arloko arrazoiak direla medio. Eta hemengo Gobernuari eskatu dio ez dirulaguntzarik emateko Athletic-ekin harremanak dituzten Nafarroako futbol taldeei.

Azkena izan da kopa txapelketako finalaz izan duen jokabidea. Inolako lotsarik gabe ateak erabat zabaldu dizkie Miguel Sanzi eta Yolanda Barcinari, eta han agertu dira Madrilen, betidanik bihotzeko "gorritxoak" balira bezala. Horregatik jokatu zen finala Madrilen. Helburu nagusia Nafarroak gaur egun duen irudi instituzionala indartzea izan da eta, egia erran, alimaleko kanpaina egin dute, neurrigabea, itogarria, ezin jasangarria. Ez zuten orbanik nahi final horren inguruan. Horregatik, erregu egin dute ez ikurrinik eramateko; horregatik, Iruñeko telebista batek bertze kolore batez margotu ditu Osasunako jarraitzaileen ikurrinak; horregatik, Nafarroako banderak ezker eta eskuin oparitu dituzte, milaka eta milaka eta, arrazoi berberak bultzaturik, "Osasuna" hitza izan da finalaren karira antolatutako ekitaldietan agertu den euskarazko hitz bakarra, bai Madrilen, baita Iruñean ere. Baina Izko ipurdi agerian gelditu da eta harmailetan "orbanak" agertu dira, ez bat eta ez bi, franko baizik, eta hori ezin eramana gertatu zaie herrialde honetako agintariei.

Hortaz, Osasunako zaleen esku dago UPN eta Izko jaunaren asmoak geldiaraztea, bertzenaz "Osasuna guztion ondasuna" izan ordez, UPNkoen ondasuna izatera pasako da. Gauzak horrela, ulergarria da lehengoan, Iruñean, ahapeka bada ere, jende aunitzi aditutakoa: "Eskerrak ez duen irabazi".


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude