argia.eus
INPRIMATU
Kate motzean lotutako lehendakaria (Bero-beroan)
2005eko ekainaren 26a
Enpatea, horixe dago iragarria lehendakari berriaren hautaketan eta mapa politikoaren egoera ikusita, horixe litzateke lehenbiziko bozketetan normalena. Azken boladan, dena den, euskal politikaren urak dantza arinean ari dira eta ezustekoen atea ere zabalik da. Edozein eratan, EAJk eta hirukoak beren gutxiengoaren estutasuna iragan beharko dute, bai bozketetan eta bai ondoren. Aipatzen den guztiari ezin kasurik egin, jakina, baina aho askotan entzuten da legealdi hau ohikoa baino motzagoa izango dela. Normalizazio politikorako akordioa lortzea izango ei da hiruko gobernuaren lehentasuna, azkenean gobernu gisa eratzen bada bederen. PP kenduta, dena den, hori da baita ere beste korronte politiko nagusien asmoa eta helburu horri bakoitzak bere interesei eusten dion indar berarekin eusten badiote, antzemango da fruiturik legealdian zehar. Oreka gaitza eta hauskorra ekarri zuten hauteskundeek eta egunerokotasunaren kudeaketa ere ezin bestelakoa izan.