Jorge Nagore Irurtzungo (Nafarroa) pilotari ezagunak Eskuzko Pilota Enpresen Ligan eta Pilota Zirkuitu Profesionalean jokatu du. 33 urterekin, Asegarce eta Aspetik igaro da eta orain Frontisen dabil. Bere esperientziaren ikuspegitik enpresa batzuen eta besteen artean ikusi dituen desberdintasunak azaltzeko eskatu diogu, ekimen berriaren inguruan duen iritzia jasotzeko asmoz.
Zer iruditzen zaizkizu Frontis bezalako ekimenak?
Oso ekimen ona iruditzen zait, Frontisentzako merkatua badagoela uste dut. Azken finean, Asegarcen edo Aspen sartu ezin duten arren, maila oso ona duten pilotariak daude eta horrelako ekimenei esker jokatzeko eta profesional izateko aukera dute, maila txikiagoa duen enpresan bada ere. Aspe eta Asegarcerekin ez da pilota bukatzen.
Zergatik utzi zenuen Aspe eta joan zinen Frontisera?
Ez zen erabaki erraza izan, enpresa handi batean nengoelako, baina kirolari bezala ez nintzen oso maitatua sentitzen eta horregatik utzi nuen Aspe. Uste dut maila nuela eta frogatu nuela: Aspen egondako bi urteetan Lau T’erdiko final bat irabazi eta beste finalaurreko bat jokatu nuen. Horregatik, noizbehinka partida nagusiren bat jokatzeko adina maila nuela banekien, baina enpresak ez zuen komenigarria ikusi edo ez zuen ni jartzeko gogorik, ez dakit zergatik. Beraien kontuak dira. Egun, ez naiz hartutako erabakiaz damutzen, oso gustura nago Frontisen. Enpresa berria da, oraindik Asegarcek eta Aspek baino dezente maila txikiagoa du, baina enpresa zuzentzen duen taldea pilotaz asko dakien jendea da, pilotariak izandakoak, eta bide onetik doaz.
Prestakuntza eta motibazioa bera al da EPELeko enpresetan eta Frontisen?
Prestakuntza bera da. Jendeak ez dezala pentsa Frontisen maila ez dagoenik. Etorkizun handiko gazteak fitxatu dituzte eta dudarik gabe partidak irabazteko hemen ere asko entrenatu eta jokatu behar da, gazteak gogor datoz eta pixka bat erlaxatzen bazara irabazi egingo zaituzte. Motibazioa jaisten denean pila bat sumatzen da kantxan, ni oraindik oso motibatua ateratzen naiz frontoira.
Noiz arte ikusten duzu zure burua pilotari moduan?
Oraindik 33 urte ditut, joko aldetik unerik onenean nagoela uste dut eta beste hainbat urtez jokatzen jarraitzeko primeran nago. Noiz arte? Norberaren gorputzak eta aurkariek markatzen dute hori. Fisikoki hain ondo ez nagoela eta partidak ezin ditudala irabazi ikustean, agian erabakia hartzeko garaia izango da. Dena den, pilotari izateari utzi ostean, pilotaren munduan jarraitzea gustatuko litzaidake.