argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2005eko ekainaren 19a

Jon Mantzisidorrek Iturriak proiektua plazaratu du: hirietako plaza eta errotondetan dauden iturri publikoen gaineko hausnarketa. Koldo Almandozek, Iñigo Garciak, Jon Mantzisidorrek eta beste hiru egilek iturriei buruz egindako bideo lanen DVDa eta Gora Japon taldeak konposatutako Iturrientzako musika biltzen ditu.

Gorringo taldeak Gorringokeri bat kale antzezlana estreinatuko du Zizur Nagusian ekainaren 20an. Mariasun Landaren Joxepi dendaria ipuinean oinarritutako ikuskizuna udazkenean aretorako egokituko dute.

Aritz Gorrotxategik Kearen truke (Alberdania) eleberri poliziakoa plazaratu du. Gorrotxategik esan duenez, liburu hau idatzi arte idaztea jolas modukoa izan da beretzat eta nobela hau idazleago sentituta idatzi du.

Peiremans+taldeak (Imanol Ubeda, Gorka Urbizu eta Haritz Beristain Txiki) bost kantuko diskoa plazaratu du: Peiremans+ (Bonberenea). Zuzenean aurkezten ari dira egunotan. 17an Arrasaten izango dira eta 18an Durangon.

Mikel Garmendiari Besarkada saria eman dio Euskal Aktoreen Batasunak, aktore gipuzkoarrak eginiko lana goraipatze aldera. Zineman, antzerkian nahiz telebistan lan eskerga egindakoa da Garmendia.