Itxura

Jon Mirandek bere haur besoetakoa zuen bezala, badut neuk ere liburu bat neure besoetakoa: Jose Luis Iriarteren Gure erri-joku nagusiak. Lehengo kontu zaharrei begira, apustu giro hura datorkit gogora: Santageda eta Atxumarria, Keixeta, Luxia, Arria zaharra, Polipaso, Korta, Garziarena, Latasa… Eta nola ez, Agerre, Arteondo, Garatxabal, Errekartetxo, Aretxa... Dozenaka kirolari bikain, itxuraz. Aiako txikia, Arruizkoa, Aizarnakoa, Aldaz. Karga-altxatzen, korrika, segan, aizkoran eta apustuak prestatzen.

Garai hartako markei begiratuta, agian erreferentzia gal daiteke, lehengoa eta oraingoa bi garai erabat ezberdinak direlako. Ez zen erraza izango harriari heltzea edo kortea nola eman erabakitzea barrena hutsik zela. Eta are zailagoa hilabetetan haragia besterik apenas janda!

Bestalde, odola sutan jarri ohi zait lehengo herri-kirolzalea hurbildu ohi zaidanean esatera gaur egungoek batere ez dutela egiten, antzinako denak oso onak zirela, eta horrelako ergelkeriak. Kazetaritzan eta herri-kirol munduan ibiltzearen zerga, itxuraz.

Eta hain gustuko dudan liburu zaharrari begira, Azpeitiko eta Tolosako zezen-plazak azaltzen dira gehienetan. Leporaino beteta. Eta datu artean hamaika komentario galdu direla iruditzen zait. Izan ere, apustua urrutiko kontua izaten zen dirua mahai gainean jartzen zenean, eta ondorioz, baserri giroan nahiz fabrikan lana egiten zuenak denbora lapurtzen zion beharrari pentsatuz "hau abilagoa da eta bestea indartsuagoa. Egur xamurrak ala gogorrak eramango dituzte? Tongorik izango ote da? Baba beltza egunean hirutan jan beharko luke ala birekin aski ote da? Lehen ere apustua galduta pinudia erosi zuen horrek." Detaile denak zaindu behar, itxuraz.

Eta horretan ari naizela telefonoak jo du. Herri-kirolzale gazte bat, Olasagasti eta Erasunen arteko apustuari buruz galdezka. Uztailaren 17an, hogei kana-erdiko aizkora lana eta bi ordu bete arte segan. Eta bi munduak buruan bueltaka dabilzkidala, gauzak erabat ez direla aldatu otu zait. Agian oraingoak argiagoak dira, baina apustuari hartzidura falta zaio. Heldu ziren akordiora, mahai gainean diruak azaldu ziren, eta, hala ere, soroetan eta fabriketan apenas entzuten den urteko apustu handienari buruz komentariorik. Epel dabiltza eta euren apustua saltzea kostako zaie. Erasunek ez du maila onik eman aspaldi honetan aizkoran jende aurrera irten duenean, eta ikaragarri egin beharko du enbor gainetik jaitsitakoan, itxuraz galduko duen denbora errekuperatzeko. Olasagastik aise hartu zuen mendean Azurmendi aurreko apustuan. Errazegi, itxuraz. Eta Urrezko aizkoraren final-aurrekoan Nazabalek mendean bazuen ere, dotore prestatuta dagoela ematen du.

Eta faborito garbia duen apustua berotzeko, hona proposamen batzuk: faborito denak esan dezala ez dabilela gustura entrenamenduetan, nekatuta edo. Faborito ez denak, edo bere ingurukoren batek, hitz egin dezala kazetariekin lau haizetara zabalduz mutila indartsu dagoela eta nahiago zuela 12.000 euro jokatu beharrean hiru aldiz gehiago jokatu izan balu. Azken orduko katarroak ez baztertu, eta orain hamaika urte protagonista beraiek egindakoa gogoratuz, errebantxa hitz magikoa hizki handitan jarri. Itxuraz, dena beharko baitute ikusleak biltzeko.

Eta arestian nioen itxura, estetika ez dela aldatu, egungo kirola saltzeko eiteari ez diotelako kasu handirik egiten. Gaur komunikabideen bultzakadarik gabe ez dago kirol ikuskizunik. Sarreretako dirua da, itxuraz, helburu bakarra. Lehia telebistaz ematea eta sosak biltzeko beste bide batzuk bilatzea, ezinezkoa. Bertan, enborretan edo zelai bazterretan iragarkiak jartzea, zaila, eta gainontzeko publizitate salmentak, fikzioa. Ondorioz, txapeldun mordoa begira eta gazte bakar batzuk besterik ez belardi bazterretan. Zakarra dutenak. Gainontzeko askok gustura ikusiko lukete apustua bertatik, baina bizia garesti dago gauez eta egunez ibiltzeaz gain sarrera hogeita hamar eurotik gora ordaintzeko.

Irujo eta Olaizolaren arteko finalean esate baterako, kolore gorria eta urdina nagusi pilotaleku berdean, dozena erdi kamaratik gora zuzenerako bakarrik, irudiak Europa guztira zabaldurik bat-batean eta egun batzuk geroago Ipar Amerikara, hormak iragarkiz beteak, baliabide tekniko ugari kirola ikuskizun eta entzunkizun izan dadin… Etxean milaka lagun nafarren arteko jokoari begira. Etorkizuna.

Liburuko argazki horituak alde batean eta gainean dugun aizkol apustua bestetik. Denbora gelditu egin da itxuraz.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude