argia.eus
INPRIMATU
Elena eta Jose Mari: «Hona bizitzera etorri baino sei hilabete lehenago herriko elkarteko bazkide egin ginen»
2005eko ekainaren 19a
Haurrak zetozelako etxez aldatu beharra zuten batetik. Bestetik, lantokitik gertuago zuten herri batera joateko beharra ere ikusten zuten. Herri txiki batetik beste herri txiki baterako jauzia egin zuten Jose Mari eta Elenak, Iruratik Ikaztegietara.
Zerbitzu aldetik, lehengo antzera: aparteko zerbitzurik ez, baina ongi moldatzen omen dira. Goizero ekartzen omen dizkiete etxera egunkaria eta ogia, eta erosketa handiak Tolosa edo Ordizia inguruan egiten omen dituzte.
Herrira moldatzeko, aparteko arazorik ez dute izan. "Lankide baten bidez, hona bizitzera etorri baino sei hilabete lehenago elkarteko bazkide egin ginen. Jendea berehala hurbildu zitzaigun eta oso sintonia onean, gainera", dio Jose Marik. Haurrak izateak gainera, erraztu egiten omen ditu gauzak. "Parkera azaldu besterik ez duzu batekin zein bestearekin hizketan hasteko". Integraziorako arazorik ez du ikusten. Arazo gehiago ikusten dizkio euskaraz ez dakitenak integratzeari, "herri hau euskaraz bizi baita".
Herriari handitzeko itxura hartzen dio. Etxebizitzak egiteko proiektuak daude eta jende gazte gehiago etorriko dela iruditzen zaio.