Indarrez sartu da gure agendan, berriro ere, Mendebaldeko Sahara. Sahararren zoritxarrerako: agendan badaude, oraindino arazo bat dutelako da. Haien kasuan, Espainiak muzin egin dio duen erantzukizuna betetzeari: potentzia koloniala izan zen, baina deskolonizazio-prozesua egin beharrean, ihes egin zuen, sahararrak marokoar eta mauritaniarren menpe utzirik.
Beharbada ez daki Espainiak deskolonizazio-prozesuak zelan egiten diren. Beharbada, ez da egia indarraren bitartez ezer lortzerik ez dagoela. Beharbada, interes politikoak justiziaren aurretik jartzen dituzte Espainiako gobernu guztiek. Beharbada... Portugalera begiratu beharko lukete, potentzia koloniala izatea duintasunarekin uztar daitekeela ikusteko: Ekialdeko Timor ez da Mendebaldeko Sahara, eta Espainia ez da Portugal. Baina justiziak bietan berdina izan beharko luke. Edo hiruretan, Euskal Herria ere sartzen badugu tartean.
Azken finean, horixe da hemen ere noizbait lortu gura genukeena: geure etorkizuna geure kabuz erabaki ahal izatea -geure buruari jarririko muga barik: esate baterako, estatu asoziatu izango garela aldez aurretik zehaztu barik-. Horretarako, guztion arteko elkarrizketa bultzatzea komeni da: herri honetan iritzi politiko askotako jendea bizi da, eta inor ez dago sobera. Alde batera utzi beharko dugu, beraz, bakoitzaren sentimendu nazionala irain moduan erabiltzea -esate baterako, inor espainol deitzea, ez azalpen huts legez, baizik eta erdeinuz-. Norbaitek aspaldi samar -zer ez da gertatu herri honetan, azkeneko urte erdian!- esan zuen legez, hizkuntza desarmatu beharra dago. Hizkuntza ere bai, alegia. Lastima esanetik izanera doan tartea oraindino ere handia, handiegia izatea.
Hizkuntza desarmatu ondoren, pentsatzekoa da hizkera berria guztion arteko adostasuna topatzeko erabiliko dela: inor ez da egia osoaren jabe -horretaz ere konturatu al gara?- eta guztion arteko elkarbizitza dugunez helburu, berba egin beharko dugu: elkarri berba egin barik, nekez ailegatuko gara hitzarmenetara. Berba eginik ere, gaitza da aurretik dagoen lana. Horregatik, lehenago helburu txikiagoak ipini beharko genituzke, berotze-ariketak edo. Ez legoke txarto. Egia esan, orain arte ere izan dugu aukeraren bat edo beste -niri azkeneko hileko bi datozkit gogora, biak ere Gasteizko Legebiltzarrekoak-, baina ez dugu batere ahaleginik egin. Sinetsita gaude konponbidearen, akordioen eta normalizazioaren legealdia hauxe dena, baina, hain hasi da azkar, ezen ezin izan dugu mezu hori guztiz barneratu. Horregatik, gurago izan dugu orain arte legez jarraitu, betiko inertzia zaharrekin, ondokoari zerbait esateko hedabideak erabiliz. Eta zenbait kasutan, ondokoak zer dioen entzun gura izan barik. Alferrik esan dugu guk, behin eta berriro, baliabideak bigarren mailakoak direla guretzat, funtsezkoa dela batzorde guztietan eta bozeramaleen batzordean ordezkaturik izatea eta osoko bilkuretan berba egiteko nahikoa denbora izatea -taldeei buruzko eztabaida zaharkituari buruz ari naiz, bai-. Gidoia nonbait idatzi da, eta gidoi horri estu jarraitu zaio. Alferrik egin ditugu gonbite zehatzak: "Hi, gure eskakizunari buruzko zehaztasunak gura baditun, azalduko dizkinagu".
Espero dut normalizazio politikoak orain arteko lanek baino aukera gehiago izatea. Espero dut inork ez jartzea ezein araudi demokraziak eta bakeak eskatzen dituen urratsen gainetik, lehenengo eskubideak baitatoz, eta gero araudiak. Espero dut normalizaziorako bidean inork tentaziorik ez izatea, legebiltzarrean hartzen diren erabakiak Espainiako justiziaren aurrera eroateko: ez litzateke onartzekoa Eusko Legebiltzarraren autonomiaren gainetik Espainiako justizia jartzea. Espero dut guztiok jakitea herri honen onerako lan egiteko nortzuekin konta daitekeen. Espero dut orain arte legez ez jardutea.