Luis Mari Goikoetxea: «Trainerua bera zalantzan ikusten genuelako jo dugu saltoa»

Luis Mari Goikoetxeak Zumaiako taldea 1982an hartu zuen. Harrezkero arraunean ez beste lan guztietan ikusi izan dute herrikoek: Bileretan eztarria galtzen, kronometroa eskutan duela delegatu lanetan, Pulpo aurrean jarri eta errifak saltzen...
Beharko egin! Hori eta aipatu gabe gelditu diren beste hamaika lan. Egun guztian buruan bueltaka egin beharrekoak eta, deskuidatuz gero, poltsikotik dirua jarri behar helburuak lortzeko!

Aldaketa garaian zabiltzate. Azken urteotan beheko mailan, indartsuenak biltzen dituen Traineru Kluben Elkartetik kanpo, baina aurten kanpotik mutilak ekarri eta hoberenen artean sartzeko itxaropenean.
Bai, ez da erraza izan erabaki hau hartzen baina ikusten genuen gaur arraun mundua dagoen bezala ez dagoela lehengo moduan segitzerik. Bi aukera zeuden: edo saltoa jo, edo berean segi. Bigarren aukera honek arriskua badu maila horretan aritzeko gogo handirik ez delako izaten eta, akaso, bakarren batzuk hanka egingo zutelako. Trainerua bera ere zalantzan egon zitekeen eta horregatik hartu genuen erabakia. Zuzena edo ez, zuzendaritza batzordean, denon artean, hartutakoa izan zen eta ikusiko dugu zer ematen digun. Denbora testigu, beraz.

Igor Makazaga pasaitarra eta hernaniarrak diren goñitarrak ekarri dituzue Castrotik nahiz Kostapetik, Xanti Zabaleta eta Xabier Zulaika Urdaibaitik. Luzatu al da aurrekontuan gastuen zerrenda?
Bai, nahikoa. Laguntzak eskatu ditugu, udalari, besteak beste, eta ezezkorik ez digute esan. Lantegi batzuekin ere hitz egin dugu eta itxaropentsu nabil arlo honetan.
Mutil denak ez dira gustura izango. Gaztetatik klubean aritu denak esan dezake "ipurdi eta eskuetako azalak utzi entrenamendutan eta orain kanpokoak zetozek guk leundutako tostak betetzera".
Hasiera-hasieratik garbi eman genuen gure asmoaren berri. Zetozenei esan genien "hau dago eta zeuek ikusi" eta nora datozen jakinaren gainean etorri dira. Hemen dabilen edozeinek daki arraunean egiten den ahalegina ez dela ordaintzen. Gogorra da ikaragarri. Azaroan hasi eta hurrengo irailera arteko egunero-egunerokoa da. Egurra.

Ez al harrigarria Kontxa irabazitako mutilak Zumaia bezalako talde batera etortzea?
Goiz hasi ginen koadrila osatzeko mutil berrien bila, beste edonor baino lehenago, eta horrek abantaila eman digu. Aizperrorekin ere saiatu ginen. Hondarribiara joango ote zen, gurekin geldituko ote zen... Azkenean, hara joan da eta ez zaio buelta gehiago eman behar. Gustura gaude daukagunarekin.

Lehengo galderaren erantzuna airean geratu da. Nola hartu dute bertako mutilek berriak etortzea?
Bertako mutil asko, maila bat badutenak, zalantzan zebiltzan segitu edo ez, ikusten zutelako gora ezin zutela egin. Maila oneko arraunlari berri hauek etorrita, aldiz, ilusioa piztu zaie, badakitelako helburuak bete daitezkeela, goian, hoberenen aurka, arraunean egiteko moduan izango direla, eta ilusio hori beharrezkoa baino gehiago derrigorrezkoa da.

Eta herrian?
Ba hemen ere ilusioa piztu da. Traineriletako estropadatan gure hiru taldeak segundo gutxitan ibili dira eta jendeak badaki hori seinale ona dela.

Agian irtenbidea bi traineru ateratzea?
Horretarako momentuan justu samar gabiltza baina buruan bueltaka dabilkiguna da. Beste hiru-lau lagun beharko genituzke baina, bai, gure asmoa bi ontzi uretaratzea da.

Porrota al litzateke aurten TKEkoen artera ez igotzea?
Nik uste dut baietz. Gainera pentsatzen dut errazagoa dela igotzea Kontxan sartzea baino.

Zumaian gertatzen ari dena beste txokoetara zabalduko ote da? Arraun mundua ere selekzio moduko hauen garaira iritsi al da?
Nik uste dut honek urte gutxiko bizia izango duela eta gu, gazteekin lanean segitzen badugu, kapitainak izango gara.
Baina gaur egun oso garrantzitsua da traineru bat TKEko ligan izatea eta beste traineru bat beheko mailan. Arrazoi honi heltzen dion klubak aurrera egiteko modua izango du. Gainontzekoek arazoak izango dituzte. Ikusi aurten bertan Urdaibairi zer gertatu zaion. Horregatik, nahiz sakrifizio handia den, bi traineruei eutsi behar zaie.

Arraunlari gazteak ala beteranoak?
Gazteak eta beteranoak. Gazteak baditugu eta beteranoak ekarri ditugu barruan eta kanpoan gazteek ikas dezaten. Koadrila egin behar da. Izan gaitezkeela sinestu lehendabizi eta gero gogotik saiatu lortu arte. Taldeko neska gazteekin gertatu dena, hain zuzen ere.

Izan ere! Espainiako txapelketa irabazi dute kadete mailako neskek!
Bazarete, bazarete, errepikatzen zien entrenatzaileak eta, azkenean, sinestu dutenean, garaipenak heldu dira. Kostata.

Seniorretan 35 arraunlari dituzue, denak mutilak; jubeniletan 8; eta kadeteetan 12, hauetako 5 bakarrik neskak.
Bai, zoritxarrez. Konplikatua da. Hartuko genituzke beste mordo bat baina... Dauzkagunekin behintzat gustura gaude.
Eta han alde egin du Luis Mari Goikok presaka-presaka. Esan digu baina, urrutira, ez diogu zuzen ulertu zertara. Errifak saltzera, edo batela konpontzera, edo bileraren batera Donostiara, musean jokatzera edo norbaiti adarra jotzera. Dabilen lekuan dabilela ez da arraun konturik faltako.

Hiru helburu zehatz
«TKEra igotzea. Kontxan barruan izateko ahaleginean gauzak behar den bezala egitea, eta klubean, herritarrekin, ditugun 200 bazkideekin, arraunlari berriekin eta gainontzeko guztiekin, entrenatzailearekin eta prestatzailearekin, denekin, giro jatorrean lanean jarraitzea».

Denboraldiaren aurreikuspenak
«Nik aurten Hondarribia ikusten dut oso indartsu. Oso ondo ibiliko dira. Astillero ere bai. Oriok ere jendea badauka eta puntan behar du. Abuztuari begira egoterik ez dago eta hasieratik ekin beharko diote lanari. Arkote ere oso fin dabil. Isuntzak ere etxekoekin lan handia egiten du eta hortxe-hortxe ibiliko da. Begiak leku askotan jarri beharko dira».


ASTEKARIA
2005eko ekainaren 05a
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude