Musika esperimentalaren jaialdia Beran
Beste musikei, esperimentalagoak direnei, egiten die leku, urtero, Berako Ertz kolektiboak antolatzen duen Ertz jaialdiak. Aurten ekainaren 10 eta 11n egingo dute, Berako kultur etxean. Artista andana izango da, bertako nahiz nazioartekoak. Arnold Dreyblatt, Jason Kahn, Tüsüri, Astra eta Xabier Iriondo izango dira jaialdian. Jaialdira joan aurretik (ekainak 7-9), Jason Kahnek tailer bat gidatuko du Donostiako Artekekun eta, Ertz jaialdia bukatutakoan, Arnold Dreyblattek hitzaldia eskainiko du leku berean, ekainaren 13an. Ertz kolektiboa (argazkian) adierazpide esperimentalen alorrean lan egiten duen hainbat sortzailez osatutako taldea da. Jaialdia antolatzeaz gain, liburuak, CDak... plazaratu ohi ditu. Haiek hobeto ezagutzeko parada eskaintzen du www.ertza.net webguneak.
Graffiti norgehiagoka
iaz antolatu zuen Euskal Herriko Graffiti Lehiaketa lehenengoz Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. Gazteek aisialdian euskara erabil dezaten Topaguneak duen asteburuetan.com programaren parte da aipatu grafiti lehiaketa. Iaz arrakasta handia izan zuen, 90 gaztek parte hartu zuten. Hori ikusita, lehiaketa berriz antolatzea erabaki du Topaguneak. Parte hartzaileek 15 urtetik gora izan beharko dute eta egin nahi duten grafitiaren bozetoa bidali beharko dute Topagunera uztailaren 1a baino lehen. Aukeratutako hamar lanen egileek uztailaren 16an Getxon margotuko dituzte graffitiak. Lau lan sarituko dituzte 1.200 eurorekin.
Gasteiz ikusteko zita
Bosgarren urtez, abian da teknologia berriak eta artea uztartzen dituen VTV Gasteiz Lurralde Ikuskorra jaialdia. Uztailaren 3a bitartean Montehermoso kultur zentroak arte erakusketak, dantza ikuskizunak eta mintegiak jasoko ditu. Ana Valdeolivas artistak eguneroko giza harremanei buruz hausnartu du Adiskideak, ezagunak eta ezezagunak erakusketa-instalazioan. Ekllektikak, Jordi Masók, San Pau 44k eta Noize kolektiboak kontzertuak eskainiko dituzte. Blanca Arrietak Memoria dantza ikuskizuna eskainiko du. Izango da Gasteizen zer ikusi.
Artelanak erakusleihotan
Zaila izaten da artelanak erakusteko lekuak topatzea, artista gazteen kasuan batez ere. Zarautzen irtenbide irudimentsua bilatu dio horri Zarauzko komertzianteen elkarteak, Xpression! kolektiboaren laguntzaz. Hamalau artistaren (Lander Urberuaga, Leire Larretxea, Pablo Aranburu, Jeni Laparra...) lanak paratu dituzte herriko komertzioetako 85 erakusleihotan. Haien lana ezagutarazteko eta arte garaikideko artelanak herritarrei hurbiltzeko.
* * * * * * * * * * * * * * * *
Kultura saio berria ETBn. EITB Kultura saioa emititzen hasiko da ETB ekainean. Kultur edukiak jorratuko ditu programak, astero emango dute ETB1en (ostegunetan, Beste Guren ondoren eta ETB2n (asteartetan, La Noche de...ren ostean), eta ordu erdi iraungo du. Sei erreportaje eskainiko dituzte astero eta saioak ez du aurkezlerik izango. Arduradunen esanetan, ikuspuntu oso zabala izango dute (besteak beste, moda eta sukaldaritza ere jorratuko dituzte) eta asko zainduko dute saioaren estetika. Ekaina eta uztailean emango dute saioa eta ez dago segurtatu jarraituko duenik.
Umorezko bakarrizketa lehiaketa antolatu du Zizurkilgo Udalak estreina koz. Euskarazko idatzizko bakarrizketak aurkeztu behar dira, originalak, ez baita itzulpen edo moldaketarik onartuko. Gutxienez 500 hitz eta gehienez 700 izango dituzte lanek eta irailaren 15a baino lehen entregatu beharko dira Zizurkilgo Udalean. Puntu gehien lortzen dituzten zortzi bakarrizketak jendaurrean antzeztu beharko dituzte egileek Zizurkilen. 500 eta 300 euroko bi sari banatuko ditu Udalak eta Zizurkilgo bakarrizketa onena ere nabarmenduko du.