argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2007ko otsailaren 21a

Juan San Martin hil da

Eibartarra (1922-06-23) maiatzaren 30eko goizaldean hil zen. Hainbat liburu idatzi zituen etnografiari, arteari, historiari eta hizkuntzari buruz. Itzultzaile lanetan ere aritu zen eta poeta ere bazen. 1964tik aurrera euskaltzain osoa izan zen eta Euskaltzaindian idazkari, buruorde eta Jagon saileko ardurak izan zituen. Gerra ondorengo bertsolari txapelketetako antolatzaile, alfabetatze taldeetako sortzaile eta Jakin aldizkariko zuzendari izan zen. 1989. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko lehen Ararteko izendatu zuten. Jaioterriko (Eibarko) udalbatza Juan San Martin herriko seme izendatzeko plenoa egitekoa zen aste honetan.


Enpresa pribatuetan euskara planak garatzeko diru-laguntzak

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak enpresa pribatuetan euskara planak garatzeko urteko egitasmoa onartu berri du. Jaurlaritzak 1.118.522 euro erabiliko ditu euskara planak abian jarri edo garatu nahi dituzten enpresei laguntzeko.


NUPeko Euskara Batzordeko azkenekoen dimisioak

Nafarroako Unibertsitate Publikoan Euskara Batzordeko Patxi Salaberrik (euskara gaietan errektore ondokoa) eta beste zenbait kidek dimitu ondoren, orain gainerako guztiek gauza bera egin dute. Mehatxua egina zuten eta orain egia bihurtu da. Dimititu duten zazpi kideek esan dute errektoreak ez diela bere galderei erantzun.


Hizkuntz eskubideak: lehengo lepotik burua

Hizkuntz Eskubideen alorren egindako bidea arriskuan zela uste izan zuen Kontseiluak eta euskararen normalizazio atzerakadak saihesteko intentzioarekin sortu zuen Behatokia 2001. urtean. Zenbait administraziok hartutako politika aldatzen lagundu nahi zuen Behatokiak. 2004. urteko txostena argitaratu berri dute eta aurrekoetan salatutako eskubide urraketa berberak errepikatu dituzte herritarrek. Aurrera egin ez denaren seinale.