argia.eus
INPRIMATU
Dibortzioa
Pako Sudupe 2007ko otsailaren 21
Aldaketarena baino gehiago iraultzaren lekuko gara nire adin ingurukoak dibortzioaren kontu honetan. Eta zorionez, gizartearen aldaketa handiarekin batera legeak ere badatoz, errealitate sozialera egokitzera.

Gazteak ginela, ezkontza bizi guztirako zen. Tartean seme-alabak bazeuden zer esanik ez; eta gehienetan egon ohi ziren seme-alabak. Nazionalkatolizismopean legez bestelakorik ezin zen, eta apaizek, familiak eta gizarteak presio ikaragarria egiten zuten gauzek halaxe iraun zezaten. Familian honelatsu jaso nuen kode morala: "Loteria gogorra jokatzen duk ezkontzerakoan: norekin ezkontzen haizen alde ederra bazagok bizimodurako: kontuak ondo atera behar dituk horrelako pausoa eman baino lehen". Gure herrietan ere baziren bizi-alargunak, desleialtasunak eta bekatuan bizi zirenak, baina hori, salbuespenak, eta bereizirik bizitzea hain ezinezkoa ez bazen ere, bikote-bizi berri bat beste batekin hastea oso ere nekeza zen. Behin baino gehiagotan ezkontzeak aberats famatuen kontuak ziren, printze-printzesa eta zinema-izarrenak eta.

Baina aspaldi erakutsi zigun Freudek gure kontzientzia, ustez animaliagandik guztiz bereizten gaituena ez dela pieza batekoa: maila kontzientean dabilkigun edo darabilgunaz gain, hurbileko gizartearen kode moral geureganatuaz gain, alderdi inkontzienteagoa ere hor dugula, sexu-senari, botere-senari-eta lotuagoa, presiopean egonagatik aukerarik ttipienean azalera ateratzen zaiguna.

70eko hamarkadako sekularizazio azkarraren ondotik eta Franco hil ondoko trantsiziopean, 1981ean onartu zen Espainiako gorteetan lehen dibortzio legea. Handik hona zenbat banaketa eta dibortzio! Espainian laster onartuko den dibortzio-lege berriaren egitasmoaren arabera, aski izango da bikotekide batek hala nahi izatea besterik gabe, zuzenean dibortziatzeko, banaketatik igaro gabe. Haurren zaintza partekatzeko aukera jasoko da, eta lehenbizikoz famili bitartekaritza arautuko, bi aldeei dibortzioa ongi kudeatzen abokatu soilak baino hobeki lagun diezaiekeena.

Amak haurrak zaindu eta aitak dirua etxera ekartzen duen eredua, gure gazte denboran guztiz nagusi zena gaur ez da hain nagusi. Gizabanakoa inguruko gizartean ia erabat urtua eta ezabatua zegoen egoerak izan zitzakeen bere alde onak -batez ere gizonarentzat-, segurtasun psikologikoa eman ziezaiokeen, hautatu beharreko zalantzak sortzen duen egonezina baretzeko baliagarri gerta zitekeen, baina egungo gizarte sekularizatuan ez du zentzurik dibortzioari oztopoak jartzeak.

Aldizkari honetan bertan irakurri dut orain gutxi, iaz Euskal Herrian, batez ere 25etik 36 urtera arteko bikoteak banandu zirela, eta kasu gehienetan biek egiten zutela lan eta biek hartzen zutela parte haurraren zaintzan. Lana izateak, batez ere emakumeak lana izateak zer-nolako garrantzia duen bereiztea erabakitzeko orduan!

Badugu lana gizonok haurren zaintzan urratsak egiten, luzaroan emakumeen ardura izan denez. Haurrak zaintzeagatik emandako pentsioa mendeku gisa erabiltzeko tentazioa gainditzeak lanak ematen dizkigu, emakumeei lanak ematen dizkien bezala haurrak mendeku gisa ez erabiltzeak. Haurren zaintza bien artean banatzeak asko zaildu dezake senar-emazte ohiek elkarri egin diezaioketen kaltea, haurrentzat ere, kasu gehienetan, kaltegarri izango dena.

Zein ederra litzatekeen dibortzioaren beharrik ez legokeen gizon eta emakumeen arteko jendarte zoriontsua, baina kontzientzia modernoak zatitua jarraitzen duen bitartean, hainbat indar kontrajarriren mendean, beti gertatuko dira bikote-hausturak.

Axolazkoa da dibortzio-prozesua azkartzea, kostuak arintzea, bereziki haurren zaintza partekatzeko aukera sustatzea, eta famili bitartekaritza eta elikadura-pentsioa ziurtatzeko gizarte-funtsa eratzea, eta are axolazkoagoa: lagun, lankide eta familiakoen ulermena eta sostengua, gertaera mingarriak arintzearren.