argia.eus
INPRIMATU
Yolanda Arrieta: «Antzerkiak joko handia dauka, ematen zaiona baino gehiago»
Pilar Iparragirre 2005eko maiatzaren 29a
Nondik nora sortu duzu Groau!?
Antzerki lan hau idatzi dut gauza askorengatik, baina batez ere kasualitateagatik. Berez Groau! hau orain dela bi urte Zaunka egiten ikasi nahi zuen katua ipuina izan zen. Izan ere, Andersenen jaiotzaren urteurrenean haur eta gazte literaturako liburuaren eguna egiten da, duela bi urte lehiaketa bat antolatu zen Andersenen ipuin baten egokitzapena-edo egiteko. Zozketa hori tokatu egin zitzaidan eta hori izan zen antzerki lan honen hazia.

Eta noiz bilakatu zenuen antzezlan?
Gero, lagun batzuei kasu eginez. Gasteizera joan nintzen proiektuarekin diru-laguntza bat eskatzeko eta Agurtzane Intxaurraga Hikako antzerki zuzendaria topatu nuen. Kasualitatez haiek umeentzako antzezlan bat behar zuten, eta hor hasi ginen harremanetan, ea testu hau izan zitekeen. Eta horrela, apurka-apurka, sortu zen Groau! landarea. Aizkorriren bidez kaleratu dudan hau antzerki-lan horren liburuko bertsioa da.

Eta zein da gaur egun antzerki liburuen garrantzia?
Zertarako behar dugun? Nik uste dut antzerkia ere irakurri egin daitekeela. Zeren antzeztu baino lehen irakurri egin behar da! Irakur dezake bakoitzak bere ohean goxo-goxo, baina baita ere irakur dezakete binaka, hirunaka, launaka... Zatika irakur daiteke, gero irakurritakoa antzeztu daiteke... Hau da, nik uste dut antzerkiak joko handia daukala bai eskolan eta bai nahi den lekuan, ematen zaiona baino gehiago. Eta nik ez dakit liburu hau hutsune hori betetzeko gai den edo ez, baina egina dagoenez uste dut aukera hori ematen duela.