Galiziako Vigo omen zuen etxea. Michel Salgado futbolariarekin duen inmobiliariak eta bere izeneko etxegintzako entrepresak bere beharra omen zuten. Athleticeko nafar jokalariak kanpotartzat jo zituenak, Karpinek Olaberen bulegoa okupatzeko prest agertu da Miguel Santosen eskutik. Ezin dio laguntza ukatu hain maitea eta berea duen klubari. Esker txarrekoa litzateke bestela eta bera ez da horrelakoa. Bestalde, ez da plaza txarra Gipuzkoarena futbolak eman dien sosak plazatzeko, plazaratu gabe, harrokeriarik gabe. Reala salbatzera datoz. Bikote azkarra. Vigo bazterrean utzi gabe noski. Batek jokalari eta entrenatzaileen kontratuak eta besteak orubeak. Berrikitan ezagutu dut, Valentzia futbol taldeko Cañizares atezainak denbora librean brocker gaitza dela, Real Madrileko jokalari aberatsenetakoen agentea dela, haien inbertsoen buru. Lurrak erosi, zernahi eraikitzeko baimenak lortu eta dituzten sosak biderkatzeko bermea omen, burtsarenaz gain. Zorrotza omen da oso. Ostatuko mostradore-kontuarrara hurbiltzeko nagia duenari xuhurra eta honi, inori ez ordaintzeagatik kafea ere aldageletako garbitzaileari kentzen dionari, zorrotza. Txiki gelditu zaie futbola, gaztetan afizio zutena. Presidenteek balukete non enplegatu garbitzaileak, garbitasuna nahi balute.