argia.eus
INPRIMATU
Osasuna: 100 herritarretik 13 ospitaleratu ziren 2003an
Jabier Agirre 2005eko maiatzaren 29a

Eustatek (Euskal Herriko Estatistika Erakundeak) duela gutxi kaleratutako datuen arabera, ehun euskal hiritarretatik hamahiru ospitale batean ingresatuak izan ziren, 2003. urtean, tratamendua jasotzeko. Datu horiek erakusten dutenez, zirkulazio-sistemako gaixotasunek eragin zituzten ospitaleratze gehienak, ingresu guztien % 12,8. Antzeko zerbait gertatzen da Espainiako estatuan ere, gaixotasun horiek hartu baitzuten ospitaleratzeen %12,9 2002an.
Zirkulazio-sistemaren atzetik aparatu digestiboko gaitzak datoz, %11,4 izan ziren, eta hauen artean iztaiko hernia da gehien agertzen den arrazoia. Hirugarren lekua nerbio-sistemako eta sentimen-organoetako gaixotasunek hartu zuten, eta %9,9 horretatik erdia baino gehiago »%5,97, zehazkiago esateko» kataratak kentzeko ebakuntzarenak izan ziren.
Gainerako gaitzek portzentaje nahiko antzekoak izan zituzten. Horrela, jarraian, arnas gaixotasunak agertzen dira (% 9), neoplasiak edo tumore gaiztoak (%8,9) eta haurdunaldiaren, erditzearen eta erdiberriaroaren konplikazioak (%8,8).
Adin-taldeei begira, ospitalean egon behar izan zuten pertsonen portzentajerik handiena 65 urte edo gehiagokoena izan zen (%40,5). Segidan, 15-44 urtekoak agertzen dira (%20) eta 45-64 urtekoak (%25arekin). Atzera samarrago geratzen dira 0-14 urtekoak (hauen ingresuak %5,5 besterik ez baitziren izan).
Adin-taldeak eta diagnostikoak elkarrekin lotuz gero, amigdalitis kronikoak eragindakoak, adenoideak erauzi ala ez, horixe izan zen ospitaleko ingresurik gehien eragin zuen diagnostikoa 0-14 urte bitarteko adin-taldean. Hurrengo taldean, berriz, 15-44 urte bitartekoetan, haurdunaldia eta erditzea izan ziren ospitaleratze gehien eragin zuten arrazoiak. Belauneko arazoek hartzen dute leku nagusia 45-64 urtekoen taldean, eta azkenik, 65 urtetik gorakoetan, kataratak izan ziren ingresatzeko arrazoi nagusia.
2003an artatuak izan ziren pertsonen %76,6 ospitale publikoetan ingresatu ziren eta gainerako %23,4a ospitale pribatuetan. Batez besteko egonaldia 5,4 egunekoa izan zen.