argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Katixa Garate 2007ko otsailaren 21a

Angel Amigok euskarazko hiru film ekoitziko ditu telebistarako, TVEren laguntzaz. Hirurek euskal nobelak dituzte oinarri: Bernardo Atxagaren Zeru horiek, Anje Lertxundiren Zorion perfektua eta Ramon Saizarbitoriaren Bihotz bi. Gerrako kronikak. Lehena ekainean dira grabatzen hastekoak.

Patxi Zubizarretak Pospolo kaxa bat bezala liburua plazaratu du Pamielaren eskutik. Amodioa, bidaia, mestizaia, literatura eta memoriaz dihardu ordiziarrak liburuan bildutako ipuinetan.

Martina Dasnoy Donostian bizi den artista belgak margolan erakusketa jarri du Durangoko Beittu arte galerian. Espresionismo abstraktu estatubatuarraren eragina nabari da arte abstraktua eta figuratiboa uztartzen duten koadroetan.

Xabaltxek laugarren diskoa karrikaratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin: Sms galduak. Pop eta folk kutsuko kantuetatik elektropop kantuetara egin du jauzi oraingoan.