argia.eus
INPRIMATU
Zeruko Argia: 1965 (Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi»; 1965ean hasi zen Zeruko ARGIAn idazten Goienetxe sinadurapean lehenik eta Larresoro bezala ondoren)
2005eko maiatzaren 22a

1965eko urtarrilaren 24an (orain dela 40 urte , beraz) Zeruko ARGIA aldizkariak bere 100. zenbakia kaleratu zuen. Eta, harro-harro, eta bere burua euskaltzaleen artean onarpena lortu nahiz edo, esaldi hau nabarmendu zuen: osorik euskeraz agertzen dan asteroko bakarra. Euskara Batua oraindik finkaturik ez zegoela erreparatu duke segituan irakurle erneak.

Gaur egun, berriz, ARGIAren 2.000. zenbakia heldu dela-ta (zortzi ale falta), hirurogeiko hamarkada hartaz neure lekukotza emateko proposatu dit Nagore Irazustabarrena lankideak.

Begirada orokorrak urruti eramango gintuzkeela bide, 1965. urteko giroaz zerbait gogoraztekotan elkarraditu gara. Partziala izango da hau, badakit. Baina orduko eguratsa aditzen lagun badezake, gaitzerdi.

(Zeruko) ARGIAren kondaira ez da batere lerro-lerro joan. Gerra aurrean 17 urtez hilero argitaratua (1919-1936), frankismoaren ondorioz, 18 urtezko etendura jasan zuen (1936-1954). Gero beste bi aldiz izan zen etena; 1963tik aurrera nola-hala bere asterokotasuna osoki finkaturik geratu arte.

Prezioaren aldaketak berak lagun gaitzake agian ondoenik egin behar dugun jauzia egiten: 2,50 pezeta balio zuen (1965ean). Hortaz, 210 bat aldiz galestiago bihurtu zaigu! Hobea, trinkoagoa eta osoagoa ere bai, hein berean.

Zer zegoen "giroan" urte haietan? Hautaketa egin behar. "Gemini"ren arrakastak (1965 - IV), "Apollo" saila, eta Ilargirako bisitaldia iragarri zituen. URSSean, Mikoyan Presidente eta Brexnef Alderdiko Sekretario agertzen ziren. Franco, berriz, nagusi; eta handik bi urtetara muntatuko zuen "Referendum"aren fartsa erraldoian, are sendoago jarraitzeko bidean. 1975era arte. Euskal Herrian, 1966an, "Bandas"koen greba historikoa . Eta ETAren kontrako zapalketa, gogor hasia. Sarekadak maiz, Burgosko Epaiketa 1970ean gertatuko bazen ere. Praga, Budapest, Dubcek, Nagy (1968), stalinismoaren lekuko.

Eta, gurera etorriz, nork eramaten zituen Zeruko ARGIAren erremalak urte haietan? Hona hemen kronikari nagusiak.

Nere Bordatxotik sailak, "Basarri" Eizmendi bertsolariak eramana, sistematikoki baserritarrei eskainia, gure folklorearen berri ematen zuen. Erraza da gaur artikulu luze haietan akats hau edo hura salatzea. Ez dut nik egingo. Euskaldungoaren alor bat elikatu zuen Basarrik urte zail haietan; eta gure esker ona merezi du.

Baina kaletarren euskal alorra sortua zen jadanik. Izenetan beretan irakurleak berehala igarriko duenez.

Karlos Santamaria matematikariaren kronikek zuten mami handia. Oso kontuz eta hitzerdika bazen ere, nazional-katolizismo ofizialaren aurka Don Karlosek Maritain-en filosofia hedatzen zuen 1948az geroztik. Rikardo Arregik, bere aldetik, munduko ezkerraren berri ematen zuen bere kroniketan: Harold Wilson eta beste.

Hain zuzen, ez da txiripa Euskaltzaindiak 1965an K. Santamaria eta R. Arregi berberok Urgazle izendatu izana.

Gurutz Antsolak ekonomia arazoak lantzen zituen euskaraz; ez baitzen batere ohikoa. Eta Arestik poesiaren saila arakatzen zuen astero bere zutabeetan; harrigarriro, poesiatik at ere, A. Mokoroa "Ibar"en Genio y Lengua liburua goraipatuz. Gotzon Garate "Gomiga"ren kronikak irakur zitezkeen maiz. Eta Koldo Mitxelena hizlari ikusten dugu, Donostiako EUTG-etan "euskera eta latiñaren arteko harremanei buruz" mintzo.

Ni neu ere (Goihenetxe gaitzizenez mozorroturik) agertzen naiz 1965 urtean; eta nire zutabe finkoari Asterik Astera zeritzon. Artikuluak Patxi Altuna-ren bitartez helarazten nituen Argiara. Eta sinadura horren atzean argitara nituen hamabost bat artikulu 1965eko urritik aurrera. "Kaletarrak dira gure helburu nagusia" errepikatzen nuen. Eta F. Mauriac-en "Destins" nobelaren kritika eskaini ondoren, "euskal Mauriac baten beharra" aldarrikatzen nuen (1965-X-31).

Maila pertsonalean urte zail mordo bat jasan nuen. Euskara Batuaren alde Euskaltzaindiak garabidean urratsik ematen ez zuela-ta, dimisioa eman nuen 1963ko irailean.

Hain zuzen Batuaren prozesua bultzatzekotan Batzorde bat sortu genuen Baionan urte hartantxe. Eta 1964an oinarri batzuk prestatu genituen, handik 4 urtetara Mitxelenak onetsiak. Bai ARGIAk eta bai Anaitasunak sostengu osoa eman zieten hasieratik Batuaren aldeko urrats guztiei.

1964ko udazkenean, Francoren presioei amore emanez, Parisko gobernuak kasatu egin ninduen Ipar Euskal Herritik eta Frantziatik. Huntaz eta Hartaz liburua, horretara, 1963-1964 urteetan Iparraldean idatzia, Bruselako neure bizileku berrian jaso nuen. Eta Argia-rekiko lotura Belgikatik berrantolatu behar izan nuen.

Jakin egin zuen poliziak, ordea, "Goienetxe" hori nor zen. Eta beste gaitzizen bat hautatzeko beharra adierazi zidan P. Altunak. "Zergatik ez Larresoro", galdetu zidan. "Laffitte Kalonjea hantxe bizi duk, eta Seminario horretatik pasa duk Iparraldeko apaiz euskaltzale asko".

Trabarik batere ez nuela erantzun nion. Eta horrela, Goienetxe-ri Larresorok eman zion segida ARGIAn eta bestetan. Igara, Usako, Aloña, Harribizketa, Atorrasagasti eta beste; Txillardegirekiko "kunpáña hunín"...

Aldatu egin dira gauzak, bai. Zalantzarik ez.