Egun berean erosi, entzun eta irakurri ditut Zea Maysen azken diskoa, Sortuz, grabitatearen aurka eta Andolin Eguzkitzak eginiko Dennis S. Milesen The compainion eleberriaren itzulpena.
Laguna izan da, hain zuzen aspaldian irakurri dudan eleberririk itogarriena, gogorrena eta ankerrena. Eleberria maitasun harreman batean sortzen diren menperatu-menperatzaile eskemaz aritzen da, maitasun harremanak botere harremanak baitira finean: maitatua denak maitatzen duen hori menperatzen du; maitatzen duen horrek bere ezaugarri asko galduko ditu maitatzearen poderioz, galduko da bera ere.
Aitortzen dut Zea Maysekoek beren Besterik ez naiz kantan agertzen duten maitasunaren kontzeptua nahiago dudala. "Harrotasunez betetzen dizkidazu birikiak" esaldia izugarri gustatzen zait. Izan ere, maitatzen dugunean baliteke ezaugarri asko galtzea, baina egia da ere beste asko azaleratzen direla, eta gehienetan onak dira: "Ireki dizkidazu leihoak/Dudan onena azaleratu eta/hondoratu dizkidazu mamuak".
Garbi dago maitasunak boterea dakarrela, eta nahiko nuke maitatzen duenarentzat balitz botere hori, eta ez maitatua denarentzat.