Lauaxetaren mendeurrena: "Goiz eder onetan erail bear nabe..."

  • Ehun urte dira Esteban Urkiaga "Lauaxeta" (Laukiz, 1905 - Gasteiz, 1937) jaio zenetik. Haren oroimenezko ekitaldiak hamaika dira Laukizen eta Mungian, txikitandik bizi izan zeneko herrian. Idazlearen arreba Felisa eta gudariaren heriotza hurretik bizi izan zuen Andoni Perez Cuadrado lagun hartu eta bidean abiatu gara, Laukiztik Gasteiza, Mungiatik barrena.


2005eko maiatzaren 22an

Hiru eskale eta lau mutil izan ziren Laukizko Urkiaga Basaras familian. Hirugarrena Esteban, laugarrena Felisa. Berau da zazpi senideetan bizirik den bakarra, 96 urte dituela. Adin handia gorabehera, ikurrina jasotzen ipini zuten herritarrek aurtengo Aberri Egunez, eta boto ematen ere jardun zuen azken hauteskundeetan: "Baten faltarik egon ez dadin!".

Herriko taberna

Lauaxetaren ibilia Mungiari loturik dagoen arren, Laukizen jaio zen poeta eta Laukizen jaio haren arreba Felisa ere. "Herriko taberna eduki genuen guk Laukizen. Hantxe jaio ginen. Baina aitak esan zuen han ez zegoela bizimodurik eta Mungiara joan behar genuela. Etorri ginen Mungiara eta hementxe bizi ginen". 1909an izan zen.

Etxea seinalea da oraindik garai bateko Urkiaga-Basarastarrena Mungian: Gatikatik datorren bidean, sasoi bateko etxea dotore ageri da gaur egun. Eraikin askorik ez inguruan orduan, babesik ez, lau haizeetara zabalik. Hortik sortu zuen ezizena poetak: Lauaxeta. Egun, kafetegia eta hotela da etxe hura eta Lauaxetaren eskultura du ondoko plazatxoan.

Esteban Urkiagak lau urte zituela joan zen familia Laukiztik. "Mungiara etorri eta fraideen eskolara joan zen gure neba, Ventades eskolara. Gero, aitaren anaia bat eduki genuen Lekeition, don Frantzisko, eta hark esan zion gure aitari Esteban fraide joateko". Etxean, ikasiko zuen bakarra izan zuten idazlea. Josulagunetan ikasi zuen Durangon, Loiolan, Oñan... harik eta bide horri utzi eta Mungiara itzuli arte. Liburuetarako joera ekarri zuen erbestetik. Klasikoak landu zituen eta, horrekin batera, jakingura piztu zitzaion. Baita kontzientzia ere: "Txikitan euzkeraz itz egina nozu, baina gero aztu jatan", Mungiako kalearen ajea, inondik ere.

«Piztu egin zen orduan»

1928an itzuli zen «Lauaxeta» etxera, Mungiara. Felisa akordatzen da: "Taberna eduki genuen etxean, Mungian, orain hotela dagoen etxe horretan. Bertan bizi ginen, goian genituen gure gelak, eta hantxe egoten zen gure neba, eskribitzen. Lehenengo, bederatzietako mezara joaten zen, gero, almortzua egiten zuen, eta gora igotzen zen, eskribitzen. Gero, bazkaria, orduantxe jaisten zen". Etxean egoten zen irakurtzen eta idazten, lanaren aukera sortu zain, nonbait. Mungian bertan izan zuen modua: "Sindikatuan, eskribau. Madrilerako ere bai, eskatu zioten idazteko, Blanco y Negro aldizkarirako, baina harako pentsatu ere ez! Gero, Euzkadi etorri zitzaion, eta piztu egin zen orduan!".

Kazetari ez ezik, poeta ere izan zen Esteban Urkiaga, eta Felisak ere akorduan ditu liburuak: Bide barrijak eta Arrats beran. "Poesia izan zen Bide barrijak (Rumbos nuevos). Eta Arrats beran bestea, liburu txikitxoa izan zen. Guk irakurtzen genituen noizean behinik, askorik ez, etxean beharra egon zen eta. Gainera, orduan ez genion inportantziarik ematen".

1928an bertan, Bilbon zen, Euzkadi aldizkarian lanean eta beste hainbat agerkaritan ere idazten: Jagi-jagi, Bizkaitarra, Euzkerea, Jaungoiko-zale, Yakintza... Ordurako, Lauaxeta ezizena baliatu zuen.

1930erako, Euzko Alderdi Jeltzalean zen. Kazetari eta idazle zen, eta mitinlari ere jardun zuen. 1931koa du Bide barrijak eta 1935ekoa, berriz, Arrats beran. Mungiatik aparte egin zuen bizimodua Lauaxetak. Bilbon bizi izan zen, lanean, eta literaturak, euskarak eta abertzaletasunak agintzen zizkioten lanetan. "Orain amar urte tautik ere enekijan euzkeraz. Eta eneban maita. Zegaitik? Aberrija be enebalako ezagututen. Ezagutu osuan behintzat, erdizka bai baina".

Faxistek armak hartu eta altxatu zirenean, intendentziako komandante izendatu zuten. Aldi berean, propaganda aldizkarien ardura izan zuen. Eta Gernika bonbardatu eta Europan krimenaren berri eman zedin saiatzen ari zela, frantses kazetari bati laguntzen, preso hartu zuten. Felisak esana da: "Esteban Gernikako azoka ingurua ikusten egon zen kazetari harekin. Bien bitartean, zain zuten txoferra. Eta txoferra zain, baina Esteban eta bestea ez etortzen. Halako batean, han non tanke bat ikusten duen txoferrak. Eta beldurtu eta ihes egin zuen, nire neba eta beste kazetaria Sollube aldetik ihes egin eta Mungiara joango zirelakoan. Baina ez, ez ziren agertu. Eta egunkarian irakurri genuen gero: 'Detenidos un periodista francés y un rojo'. Eta 'rojo' hori gurea zela imajinatu genuen".

Gasteiza eraman zuten preso.
 
Gasteiz

Andoni Perez Cuadradok 10 urte zituen 1936an. Mutil koxkor bizi eta ernea zen. "Oraintxe izan balitz bezalaxe gogoratzen naiz garai hartaz. Orduko egoera zeharo ezberdina zen: ez genuen telebista ez antzeko denborapasarik eta, aldiz, jakin-min ikaragarria genuen. Ni San Prudentzio kalean bizi nintzen eta, gure etxetik bertara, Fronton Hotela genuen. Hotel hura topaleku zen, hantxe egosten ziren Gasteizko alerik garrantzizkoenak. Eta, Gasteiza orduko, bertara biltzen ziren militarrak, politikariak eta beste. Hantxe egon zen Condor legioa ere".

Kalean ez ezik, Andoniren etxean ere ez zen giro faltarik. Abertzale zituen aita-osabak, Juventud Vasca-ko afiliatu. Osabak berotu zuen abertzaletasunera. "Gogoratzen naiz, sei-zazpi urte nituela, mitinak zituela gure osabak, Arrasateko Agirre batekin, Bastidan eta Lagranen. Egundoko kasketaldia harrapatu nuen mitinera eraman nahi ez nindutelako. Azkenean eraman ninduten, jakina, a zer erremedio! Akordatzen naiz autoaz, ikurrina txikiaz, mitinaz... nola gure aitonak tranga handi bat hartu eta eraso zien mitina lehertu nahi zutenei. Giro hori bizi genuen".

Andonik oroitzen duenez, "dena iristen zitzaidan belarrietara. Gerra hasi eta berehala hiru lagun fusilatu zituzten Gasteizen, 'lehenengo hiru fusilatuak', eta berri hark erabat astindu zituen bazterrak". Era berean, Lauaxeta nor zen jakin ez bazekiten ere, ongi jakin zuten fusilatu zuten orduko! "Lauaxeta Karmengo komentuan eduki zuten preso. Gernika aldean preso hartu, eta hona ekarri zuten". Karmengoa ez zen izan Gasteizko kartzela bakarra. Berez, Bakea kalean zegoen presondegia, baina presoz mukuru. Karmengo komentua presondegi, Foru kaleko mojen komentua emakumezkoen kartzela eta Murgiako pauldarren etxea kontzentrazio eremu bihurtu zituzten. "Eta, anekdotak balio baldin badu, bizpahiru egun egin zituen preso Murgian Robert Taylor aktoreak; hegazkin pilotu zen, itsasoan erori, harrapatu eta Mungian eduki zuten. Enbaxadak esku hartu eta libre utzi zuten, jakina".

Lauaxeta fusilatu eta berehala zabaldu zen haren heriotza hotsa. "Gudari zaharrenek bai, ezagutzen zuten, edo bazuten haren aditzea: 'Lauaxeta, idazlea, kazetaria'. Gure etxean Euzkadi erosten zuen aitak, eta seguru behin baino gehiagotan ikusi zuela haren sinadura kazetan". Iritzira egiten zituzten fusilamenduak. "Zerrendak egiten zituzten. 'Halako eta halako!' hots egiten zuten. Eta bazekiten nora zeramatzaten. Eta hurrengoan, 'halako eta halako!', eta horrela, norberaren izena esango zuten beldurrez. Lauaxetaren kasuan, edo 'Lurgorri' Azkarragaren kasuan, aldiz, ez zuten ihesbiderik: nabarmenak ziren, gazteak, burutsuak, konprometituak... lehenbailehen hil zituzten. Ez ziren konturatu martiri egiten ari zirela. Nonahi fusilatzen zuten jendea hemen, Gasteiz bueltan. Izan zen josulagun bat, aita Moreno, hiltzera zihoazenek aitortzeko aukera izan zezaten, hots egiten ziotena. Aita Morenok esanda dakit Azazetan, Haroko Maskorretan, Urbinako kasko batean eta beste zenbait lekutan hil zutela jendea. Aita Morenok berak esan zidan Apodaka izeneko poliziak -Bruno Ruiz de Apodaka, odolzale beldurgarri bat- 107 lagun hil zituela aitortu zuela, eta 108.ak ihes egin ziola esaten zuela!". Andoni mutikoa helduek zer esaten ote zuten aditzen egoten zen. "Gauza asko horrela jakin nituen: tartean, lehenengo hiru fusilatuena, eta Lauaxetarena. Beste asko ez fusilatu ez beste, tiro eman eta zulora, edo beste hamaika modu txarretara akabatzen zituzten".

1937ko ekainaren 25ean hil zuten Esteban Urkiaga, goizeko 6:30ak aldera...

Ondoan joan zitzaion aita Moreno, eta Felisak dionez, "ez zitzaion apartatu tiro eman behar zioten arte". Gasteizko Santa Isabel hilerrian hil zuten, Bulebar aldera jotzen duen hormaren kontra. Andonik badaki: "Hilerritik kanpora. Gaur egun, garai batean hilerria inguratzen zuen harresia eraitsita dago, salbu eta horma zati hori, Bulebar merkataritza gunera dagoena: iparraldeko horma. Hantxe hil eta bertan lurperatu zuten. Gero, Franco hil eta ondoko urteetan, Joseba Azkarraga arduratu zen Lauaxetaren hezurrak Mungiako kanposantura eramaten".
 
Preso hartu zutenetik ikusi ez

"Tristea izan zen, bai horixe. Preso hartu zutenetik ez genuen ikusi", dio Felisa Urkiagak. Besteren bidez saiatu ziren senideari laguntzen. "Bazen familia bat Gasteizen, su artifizialak zituena -Lezea-, haiek ere mutil bat eduki zuten preso, kartzela berean. Eta haiek ematen zioten arropa Estebani: garbitu eta eroan, garbitu eta eroan. Gure neba hil zutenean haiengana joan ginen, zer edo zer eman beharra ote geneukan edo, atenditzearren, eta ezetz. Gure nebak ibili zituen arropak, alkandorak-eta, haiek eduki zituzten. Eta gura ote genituen esan ziguten, eta guk baietz".

Lauaxeta hil eta fusilatutako lekuan egon zen lurpean hamar urtean. Orduan, Alderdiko baten bisita izan zuten haren senideek, Felisaren arabera: "Esan zigun hamar urte pasa zirela eta lurpetik atera behar zela, orduan ateratzen ez bagenuen gero ezin izango zirela topatu hezurrak. Ea kargu egingo ginen, ala Alderdia bera egingo zen. Aitari esan nion eta gure aitak, estimatzen genuela baina geu egingo ginela kargu. Eta geu joan ginen, neba bat eta biok, Gasteiza. Eta lurpetik atera eta alokatutako panteoi batean sartu genituen nebaren hezurrak, zinkezko kaxa txikitxo batean, ikurrinaz tapatuta. Hala sartu genuen panteoian".

Gero, berrogei urte bete zirenean, poetaren hezurrak Mungiara ekartzeko modua izan zuten. Ubidean lotu zirela dio Felisak, Araba eta Bizkaiko muga egiten duen herrian. Hantxe arabarrak, hantxe bizkaitarrak. "Gasteizkoek Ubideraino ekarri zuten kaxa, ikurrinaz tapatuta, eta hantxe, beste automobilean sartu genuen. Eta ekarri zen Mungiara. Ajuriaguerra ere han egon zen, gaixorik zen ordurako baina, kantzerrarekin". Eta Mungian, elizkizuna egin zen. Felisak ez du hileta meza hura ahaztua. "Mungian ez da inoiz ere elizan hainbeste jende egon! Jesus! Ikaratu egin zen jende guztia! Polita izan zen, zoragarria!".

Orduan, atseden hartu zuen poetak, eta Lauaxetaren familiak. Mungian datza harrezkero Esteban Urkiaga Basaras, Lauaxeta.
Hormak hitz egingo balu...
Gasteizko Santa Isabel hilerriko horma da argazkikoa. Bertan erahil zuten Esteban Urkiaga. Ondokoak, Lauaxetak heriotzaren inguruan idatzitako poema bi dira:

Goiz eder onetan erail bear nabe txindor baten txintak gozotan nabela? el naiten leiora begiok intz gabe!

Eta bake deuna sortuko danean
neure azur utsak besteenakin batu;
eresi Gurenaz lagundu bidean
obi bakar-arte.
Baina, arren, bukatu
oroigailuaren maitasun itzala
Kristoren gurutzaz; Beragaz ditxarot.
Josuren fedea besterik ez daukot!
erri zintzo onenak zaindu dagiala
il gintzanen atsa, il gintzanen aala.
Lauaxeta


ASTEKARIA
2005eko maiatzaren 22a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


1936ko Otxandioko bonbardaketaren pilotuari demokrazian emandako kondekorazioak kenduko dizkiola agindu du Espainiako Gobernuak

Ángel Salas Larrazabal militar frankista urduñarrak gidatzen zuen hegazkinak bonbak bota zituen Otxandioko Andikona plazan zibilen aurka, 1936ko uztailaren 22an. Gutxienez 61 herritar hil ziren. Frankismoan hainbat kargu militar eta politiko izan zituen, eta 1991n... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Eguneraketa berriak daude