argia.eus
INPRIMATU
Landareak: Mahastia, klima gora behera
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21
Aspaldiko urtetan plazan dabilen gaia da klimaren aldaketa. Negutegi efektua deitzen den mamu hori, CO2 eta tenperaturen gorakadek eta estratosferako ozonoaren galerak eragindako berotze orokorrean, euriteen gora beheratan eta lur azalera iristen diren erradiazio ultramoreen hazkundean laburbil daiteke. Aldaketa hauek gero eta garrantzi ekonomiko handiagoa duen mahastizaintzan etorkizunean izango dituzten ondorioak aztertzen hasiak dira dagoenerako. Alemaniako Geisenheimgo Mahatsa eta Mahatsardoaren Institutuko Enologia saileko Hans R. Schultz buru-belarri ari da lan honetan eta hedatu berri duen lan batean, besteak beste, honoko hauek aditzera eman ditu.
Mahastien bizimoduan eta mahatsardoaren kalitatean eragin dezaketen aldaketa nagusitzat honoko hauek jo ditu: udazkeneko izotzen urritzearen ondorioz hazkunde sasoiaren luzatzea, neguko euriteen hazkundea eta udakoen murriztea, negu epelagoetan materia organikoaren gutxitzea, lurrean nitrogenoa jalki eta metatzea eta CO2-ren hazkundea. Azken aldaketa hau landareak genetikoki egokitzeko baino azkarrago gertatuko dela uste da. Ondorioz fotosintesirako gaitasuna, biomasa eta etekinak haztearekin batera argia, elikagaiak eta uraren erabileraren eraginkortasuna hobetuko litzateke. Teorikoki onak diren ondorioak, alegia.
Erradiazio ultramoreen areagotzeak mahatsondoaren ekoizpenaren zenbatekoan kalte egin omen dezake, baina baita mahatsaren kalitatea hobetu ere.
Aurreikusten den tenperaturen etengabeko gorakada mahatsondoa lantzeko aukera gero eta iparralderago zabaltzen ari da, 10-30 kilometro artean hamarkadako. Honek mahatsondo barietateen hedatze-mapa aldatzea ekarriko du.
Ondorio hauek era desberdin batean biziko ditu mahats barietate bakoitzak. Batzuk atzera utziko dira eta beste batzuk sustatu. Diru asko dago mahatsardoaren joko-mahaian eta orain zein barietate landatu eta nola zaindu asmatzen duenak gerora upategiak, bankuen upategiak beti bete izango ditu. Schultz jauna ere ikerketa honekin aberasteko bidean da.