argia.eus
INPRIMATU
Idurre Maortua (Ibaizabal Ikastolako zuzendaria): «Aukerako ikasgai batzuk ingelesez eskaintzen ditugu, Euskal Herriko Historia esaterako»
2005eko maiatzaren 22a

Ibaizabal ikastolako hezkuntza eskaintzaren berri eman digu Idurre Maortuak, zentroko zuzendariak. Horrez gain, etorkizuneko erronkak eta maiatzaren 29an egingo den Ibilaldian eskuraturiko irabaziak zertarako erabiliko dituzten ere azaldu digu.

Zer eskaintzen duzue Ibaizabalen?
Batxilergoa, DBH ondorengoa. Batxilergoko hiru modalitate ditugu, Teknologia, Zientzia eta Giza-Gizarte arloak. Asmoa baina datorren urtean bertan goi mailako prestakuntza ziklo bat eskaintzea da. Ibaizabal ikastola hiru lerroko ikastetxea da, baina batxilergo arlokoa. Bi maila daude eta maila bakoitzean hiruna gela ditugu, guztira sei. Horrez gain, gure proiektua edo erronka da Lanbide Heziketako eskaintza martxan jartzea. Berezia da Ibaizabal, beste zerbitzu batzuk ere baditugulako: ostatua daukagu, gimnasioa eta taberna ere bai.

Ibilaldiaren irabaziak horretara bideratuko dituzue, beraz?
Bai, hain zuzen ere hori da datorren urtean egingo duguna, Galdaketa eta Pulbimetalurgia Bidezko Produkzioa izeneko zikloa jarriko dugu martxan. Horretarako eraikin berria egin beharko dugu. Apurka-apurka Lanbide Heziketako eskaintza garatzea da gure asmoa eta horretarako eraikin berria behar dugu, zortzi gela berri eraiki behar ditugu-eta. Horretara bideratuko ditugu Ibilaldiko etekinak.

Euskarak nolako garrantzia du Ibaizabalen?
Ibaizabalen D eredua bakarrik dugu eta horretara, euskara nagusi da gure zentroan. Baina Ikastolok eleaniztasunaren aldeko apustua egiten dugunez, ingelesa ikasgai izateaz gain, beste ikasgai batzuk ere, aukerakoak, ingelesez eskaintzen ditugu, Euskal Herriko Historia esaterako. Baina horiek guztiak D ereduan ematen dira. Hain zuzen ere Lanbide Heziketa martxan jarri eta bide horretan ere euskarazko eskaintza egitea da gure asmoa, D ereduan eskaintzea, alegia. Horregatik sartu nahi dugu Lanbide Heziketaren bidean, orain eskaintzen dena oso eredu erdalduna dela uste dugulako. Horiek horrela, arlo horretan gure ekarpena egitea erabaki genuen, ez Ibaizabal ikastolak bakarrik, Ikastolen mugimenduak oro har hartu du bere plangintzaren barruan Lanbide Heziketa euskaraz eskaintzeko zeregina.