argia.eus
INPRIMATU
Bertsolariek amodioa eta maitasuna dituzte gustuko
2005eko maiatzaren 22a

Maiztasun hiztegiarekin, hitz eta zenbakiekin, jolasean hasi gara eta hainbat proba eginda honelako adibideak topatu ditugu.


Jaungoikoaren atzerakada

Lema erabilienen bilaketan sartu gara eta, adibidez, bizkaiera aukeratu dugu. 1900-1939ko garaian sartu gara eta lema erabilienen zerrenda irakurtzen hasi gara. 16. postuan dago «jaungoiko» hitza. «Ezetz lehenengo ehun postuetan agertu hitz hori 1991-1999 urte bitartean?», esan diogu geure buruari. Tentazioari eutsi eta lehenengo 1940-1968ko garaian begiratu dugu. 17. tokian «jaun» hitza agertu zaigu eta 21.ean «jaungoiko». «Jaun»ek aurrea hartu dio «jaungoiko»ri eta aurreko garaiko ia postu bera mantentzen du, 17.a alegia. 1969-1990 artean sartu gara hitz erabilienen zerrendan eta «jaungoiko» hitza «galdu» zaigula ohartu gara; «jaun» ageri da horren ordez, baina 78. postuan. Azkeneko saiakera 1991-1999ko tartean. Apustua irabazi dugu, erdizka bada ere, ez da ageri ez «jaun» eta ezta «jaungoiko» ere, «jainko» hitza ageri da ehungarren postuan. Urteen poderioz, «jaun»ak eta «jaungoiko»ak erori zaizkigu.


Maitasunaren maiztasuna

«-tasun» atzizkia sartu dugu bilaketa egiteko. Ez diogu esan zein euskalkitan bilatu nahi dugun -beraz, denak begiratu ditu-, generorik ere ez diogu zehaztu eta denbora tartea 1930-1939koa jarri diogu. «-tasun» atzizkiarekin gehien erabili zituzten lemen zerrendan lehen postua dauka «maitasun» hitzak eta ondoren datoz «ontasun» eta «edertasun». Bilaketa bera egin dugu 1991-1999 urteen artean eta hara emaitza: «maitasun» hitza txapeldun berriz ere, bigarren postuan «batasun» eta hirugarrengoan «askatasun».


Abertzaleak nagusi

«Zale» atzizkia sartu dugu mende hasierako urte tartean eta hauxe da erabilienen zerrenda: «abertzale», «arrantzale», «zale», «jeltzale» eta «mendigoizale». 1991-1999ko garaian ere sailkapenaren hasierak ez zuen aldaketarik izan, baina bai segidakoek: «abertzale», «arrantzale», «euskaltzale», «bertsozale» eta «zale». Badirudi azken urteotako idatziek, jeltzaleak alboratu dituztela eta bertsozaleei egin diela tokia.


Amodioa eta maitasuna bertsotan

1991-1999 urte artekoa begiratu dugu, oraingoan generoa zehaztu eta bertsotan, euskara batuan, gehien erabili diren hamar lemak eskatu ditugu. Hitz ondo arruntak ageri dira hamar lehenengoetan: «ez», «zu», «eta», «arte», «izan»... baina hirugarren postuan «amodio» hitza agertu zaigu eta zortzigarrengoan «maitasun»... eta «maitemindu» 17.ekoan.