argia.eus
INPRIMATU
Zer da: «Leasing»a
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 12a

Leasinga hainbat eratako abantaila finantzarioak, fiskalak eta teknikoak ahalbidetzen dituen tresna bat da. Azken aldian, enpresa askok maiz baliatzen dute; bereziki, kapital ibilgetze handietara jo gabe, ondasuneko ekipamenduak eskuratzeko. Higiezinen, garraioko materialen, turismoaren eta ekipamendu informatikoen sektoreetan ere erabiltzen dute. Zer da, ordea, leasinga? Terminoa ingeleseko to lease aditzetik dator eta alokatu esan nahi du. Kontratu bat da, funtsean, zeinen bidez ondasun higigai edo higiezinen baten erabilera uzten baita, diruzko kuota baten trukean. Kontratuak ondasuna erosteko aukera ematen du eta erabiltzaileak balia dezake kontratuaren bukaeran. Hala egiten ez badu, errentatzaileak ondasuna berriro errentan emateko eskubidea bereganatuko du. Nahi izatera, era guztietako enpresek balia dezakete leasinga, sozietateek bezala autonomoek, profesional liberalek, ondasunen komunitateek, kooperatibek eta abarrek. Hala Euskal Herrian, nola Espainiako Estatuan, bankuek, aurrezki-kutxek, kreditu-kooperatibek eta kredituko establezimendu finantzarioek daukate baimena, operazio mota horretarako. Leasingeko kontratuek bi urteko iraupena izaten dute gutxienez, ondasun higigaien kasuan, eta hamar urtekoa, ondasun higiezinen eta establezimendu industrialenean.