argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21a

Hatzen luzera erasokortasunaren ispilu

Gizonengan eraztun-hatzaren eta erakuslearen arteko erlazioak gizonaren erasokortasun-maila neurtu dezake. Efektu hau ez omen da emakumeengan gertatzen.

Albertako Unibertsitateko Peter Husd psikologoak zuzendutako ekipoak garatu du hatzen luzeran oinarritutako ikerketa.

Orain mende bat ezagutzen da gizon eta emakumeengan desberdintasunak daudela lehen aipatutako bi hatzen arteko erlazioan. Azken urteotan ere, ikertzaileek umekiengan hatzen luzera eta jasandako testosteronaren eragina erlazionatu dute. Horrela, zenbat eta testosteronaren eragin handiagoa izan, gero eta desberdintasun handiagoa izaten da bi hatzen artean. Beraz, mutikoaren erakusle hatza zenbat eta motzagoa izan eraztun-hatzarekiko, ziurren erasokortasunerako joera nabarmena izango du bizitzan.

Ikerketa hau 300 ikasleren eskuak aztertuz egin da eta agerian geratu da erasokortasun fisikoa dela nabaritzen dena eta ez hitzezko erasokortasuna.

Une honetan hockey jokalarien hatzak aztertzen ari dira izan dituzten penalizazio-denborarekin alderatuz.

Hala ere, lortutako emaitzak ezin dira absolututzat hartu, zeren eta hatzen tamainak nortasunean gertatzen diren aldaketen ehuneko bosta baino ez baitu azaltzen eta beraz, astakeria galanta litzateke hatzen tamainagatik pertsonak diskriminatzen hastea.

Hortaz, joera partzial baten aurrean baino ez gaudela azpimarratu nahi dute ikerlariek.


Titanen hidrokarburoak ere badaude

Cassini zundak informazio-iturri izaten segitzen du. Joan den apirilaren 16an Cassini Saturnoko ilargi nagusia den Titanetik mila kilometro ingurura kokatu zen eta egindako neurketen artean masa espektrometro batek hainbat hidrokarburo detektatu zituen Titanen atmosferan.

Topatutako hidrokarburoen egitura oso konplexua da, adibidez, batzuk zazpi karbonoko atomoz osaturik daude. Hidrokarburo hauek Titanen kanpoko atmosferan detektatu dira eta esan beharra dago atmosfera horren ehuneko 98 nitrogenoa dela. Bestalde, aurretik ezaguna bazen ere, metanoaren presentzia (% 1,8 inguru) baieztatu da Cassiniren azken hegaldietan.

Hidrokarburoak detektatu ondoren ikerlariek jakin nahi dutena zera da: nondik datoz aipatu hidrokarburoak? zein gorabehera dituzte? Titaneko lurrazalean kantitate handitan al daude?

Ikusten denez, nahikotxo galdera dago oraindik erantzuteko; beraz, Cassiniren zeregina oraindik luzarokoa izango da.