argia.eus
INPRIMATU
Landareak: Indarra lar, juizioa eskas
Jakoba Errekondo 2005eko maiatzaren 08a

Erotuta nabil, lagun batek esaten didan eran: zoraute!, landaretzaren aro berriarekin. Sagarrondoak loratu eta fagoak hostoz janzten ari direnean orain dela hilabete edo aipatzen nuen leherketa bere gorenean da. Loratze eta janzteak onenean eta zertaz idatziko dizudan erabaki ezinik, hautatu ezinik...
Gorosti arren loratze harroa, sagarrondoen lore arrosen paisaia, intxaurrondoen lore ar zintzilikarioak, sasi-arkaziak zuri direnekoaren usain eztiegia, zartagineko osin-kimuen doinua, irasagartzarrak emango dituen lore xaloa, atzaparra adinako peoniaren loreak, palmondo eta zitrikoetako neguaren orbainak, pinuen puja malgua, orburu buru finak eta zainzurien zain delikatuak, patata berrien larruazalaren zaporea, ganaduaren pasmobelar tapizak... Zerrendaren betelanarekin aspertu gabe hona ba:
Aziendaren pasmobelarra, Ajuga reptans, bere onenean da. Belardi argietan bizi da eta belarra hazi eta lurra itzalpean hartu aurretik loratu eta hazten da. Hamar-hamabost bat zentimetroko lore multzo ubelak ederki bereizten dira, zut. Herrestaria da pasmobelar hau eta lorea eman ordurako herrestadarrak hedatzen ditu gero eta sail handiagoak hartuz. Bera bizi den belardietan erraza da urtetik urtera landarearen hedatzeaz eta lore koadrilaren zabaltzeaz jabetzea. Sendabelar gisa, geuk pasmobelar arrunta »Anagallis arvensis» hartzen dugun bezalaxe ganaduari eta abereei ematen zaie infekzioei aurre egin eta haiek eragindako zorne eta pasmoak botatzeko. Aziendarik baldin baduzu loretan dagoela bildu behar da eta toki lehor batean jaso, premia sortzen denean adar batzuk uretan egosi eta infusioa erabiltzeko.
Indarra sobera eta juizioa eskas izaten duen lagun batek baino gehiagok bortitzagoa eta beraz arriskutsuagoa den ganaduaren hau harro hartzen du... bakoitzak berea.