argia.eus
INPRIMATU
Joko-arauak eta ahalmen-mailak
Luis Alberto, 'AmatiƱo' Aranberri 2021eko uztailaren 27a
Legeak ezarritako joko-arauak bete behar omen dira. Horixe gogoratu zigun serio asko Zapatero jaunak eta sinetsi behar izan genion, beti ere mutiko onaren aurpegiaz azaltzen baitzaigu han-hemenka.
Hurrengoan esan zigun, ordea, gertu legokeela bera Gernikako Estatuaren eraberrikuntza onartzeko baldin 45 legebiltzarkideren (%60) onespena lortuko balu. Horren txintxo-itxuraren jabe izanik, ezin gero asmatu nondik atera duen baldintza hori, ezein aldaketa egiteko Gernikako Estatutuaren joko-arauek 38 legebiltzarkideren (%51) onespena baino ez baitute zehatz-mehatz eskatzen.
Are harrigarriago gainera kontuan izanik, EAJk 1978an honako hau proposatu zuela: "La propuesta habrá de ser aprobada por el Parlamento Vasco, por mayoría de tres quintas partes". PSEk beste hau jartzea eskatu eta lortu zuela: "La iniciativa de la reforma corresponderá al Parlamento Vasco por mayoría absoluta de sus miembros".
PSEk 1978an uste izan zuen alderdi abertzaleek baino ez zutela Eusko Legebiltzarrean %60 besteko ordezkaritzarik lortuko eta alderdi konstituzionalisten mailari egokitu nahi izan zion ahalmen-erabakia.
Hogeita zazpi urte geroago, berriz, bistan da alderdi abertzaleak ere ez direla, eurak bakarrik, %60 horretara iristeko gauza. Eta honek zer pentsa eman beharko liguke.