argia.eus
INPRIMATU
Hitzak eta ekintzak
2005eko maiatzaren 08a
Denek esan dute jada M-17ko hauteskundeen emaitzek aukera paregabea eskaintzen dutela gatazkaren konponbidea agertoki demokratiko batera eramateko. Ez dut ukatuko guztiek, PPkoek izan ezik, esan dutena. Alderantziz, txalotu egingo dut irakurketa hori egin izana, xehetasunen gainetik ikuspegi hori lehenesteak berez badu eta gainbaliorik. Aspaldiko partez eragile politiko nagusiak letra handiz egin beharreko politikari atxikitzen zaizkiola dirudi, egunerokotasun arruntaren gainetik.

Baina hitzak hitz, ekintzak ez dira berez etorriko. Bidea egin beharko zaie eta horretan asmatu beharra dago.

Epea ere finkatuta dagoela dirudi. Denak dira 2007ko hauteskundeei beha, adierazpen publikoez aparte, hizketaldi pribatuetan. Ordurako, etorkizun propioari buruzko erabakia euskal gizarteari dagokiola aitortu beharko da, modu sinesgarrian, nola edo hala, azken hamarkadetako korapilo odoltsua bide demokratikora eraman nahi bada. Ibilbide horretan, ezker abertzaleak estrategia politiko-militarretik garai berrietarako egokitzapen saihestezin eta atzeraezinerako eraldaketa azkarra egin beharko du. Zapaterok eta bere alderdiak garaipen militarraren kontzeptutik konponketarako ibilbidea barneratu beharko du. Ez luke gutxietsi behar konpontzailearen redito politikoa, Espainiako gizartean gaur egun garaipen militarraz haratago beste ezer ez dela onartzen ematen badu ere. Ibarretxeri dagokionez, bere sagar guztiak planaren otzara bakarrean jarri beharrean estatutu berriaren eztabaidaren aurretiko adostasunerako proposamenak landu eta eskaini beharko ditu.
Eta prozesu hori garatu bidean, eta ondoren, mapa politikoa nabarmenki aldatuz joango dela aurreikus daiteke. Batez ere esparru abertzalean alderdien oinarri soziologokoak eta hauteslegoarenak berreratu daitezke, jeltzaleen aukeraren alboan soberanismoaren haritik agian ezker abertzale zabal bat egongo da, nukleo zabalenarekin batera gaurko EAtik Zutik-era artekoa, betidaniko fragmentazioa gaindituta gehiengoen ardurak gidatzera deitua, agertoki politikoan aldaketa nagusien motore eragingarri bihur daitekeena.

Alderdi sozialistari dagokionean, bere esku dago PSCk Katalunian bezala proiektu propioa landu euskal nazioa osatzen duen euskal gizartearentzat, ala PSOEren sukurtsal gisa historikoki egin duen bezala jarraitu. Horien baitan izango delakoa daukat aldagaien joko nagusia, koiunturak koiuntura, eta beste alderdi batzuek horien arabera joka dezaketen paperaz landa.

Ez dakit aldaketa hauen guztien sorburua izan daitekeen hori hasteko atarian gauden ala hasita dagoen. Agian EHAK arrakastatsua aurkeztu ahal izana Zapaterok bere borondate eta asmo onaren adierazle unilateral gisa aurkezten du, keinuz haratago neurri benetan eragile gisa, eta hala izan dela aitortu beharko zaio. Agian horren truke urrats unilaterala eskatuko dio beste parteari ere, era berean eraldatzailea bihur dadin agertoki politikoan.

Urrats horiek berresten diren artean edo beste batzuk azaleratzen, Ibarretxek bere gobernu-taldea osatu beharko du, lau urtekoa baino legegintzaldi laburragorako, aitortu bezala, eta ezker abertzalearen aurkako betorik gabe oraingoan. Alegia, legebiltzarrean adostasunak lantzerako orduan ez dela eragozpenik izango, lege proiektu sektorialak zein beste, EHAKrekin agerian kontatzeko. Politika domestikoko gaia bada ere, ez da gutxiestekoa azken aukera hau, Legebiltzarra abian jarri bezain laster ziurrenik ikusteko aukera izango dugun bezala.