Hausnarketan


Askotan, eta are maizago hauteskunde ondoko garai honetan, gure lehendabiziko helburua "lograr la paz" dela entzuten dugu. Askoz gutxiagotan "bakea lortzea", bidenabar... Baina bada garaia, gure ustez, bakea zer den eta zer ez den berriro tentuz bereizteko. Hilerrietako isilpe edo geldi giro asaldatzaileek ez dute bakea adierazten, heriotzaren ezindura etsia baizik.

Gauza bera gertatzen da gizartearen alorrean; ez baitira gauza bera bakea, eta inposaketaz lortzen den kale-ordenua. Nazio-asimilazioa ezkutatzekotan jasaten dugun jai-inflazio harrigarriak berak -"panem et circenses" zioten Erroma zaharrean-, berretsi egiten du "bakean" bizi omen garen erretolikaren gezurra. Abertzaleon helburu nagusia gaur ez da paz deritzoten saiaketa isiltzaile hori. Abertzaleon helburu nagusia gaur Auto-Determinazioa da.

Euskal Herriak, beste edozein herrik bezala, autodeterminatzeko eta nazio-independentzia lortzeko eskubidea du. Eta aspaldiko mendeetan Nafar Erreinua eraiki genuen bezala, orain Euskal Estatu Askatua sortzeko eskubidea eta nahia ditugu.

Espainia, ordea, ez dago prest bide horretan barrena abiatzeko: "Bastará otro sano Estatuto de Autonomía", "bastará otro cuarto de siglo de comodidad vasco-española", "bastarán otros venticinco años de pacto a la baja con la derecha autonomista". Eta abar.

* * *

Zapaterok, hau aitortzea atsegin ez bazaigu ere, ospe ona du Europan. Eta ez badugu hau kontutan hartzen, oker jokatuko dugu. Soldaduak Irak-etik erretiratzeko erabakiak -erabaki egokia- puntuak eman zizkion. Homosexualen arteko ezkontza legeztatuz -erabaki egokia-, Belgika eta Holandarekiko orpoz orpo, bere ospe ona berrindartu du Europako demokraten eta aurrerazaleen artean.

Baina, Estatu barruko eginkizunetan, eta Euskal Herriari buruzkoen alorrean batez ere, Zapatero maingu dator osoki; Aznar eta espainiar fazistengandik distantziarik ezin harturik.

Hasteko Batasuna legetasunetik at uztekotan emandako Ley de Partidos delakoa erretiratzen ez da ausartzen. Honen ondorioz, azkeneko hauteskundeen arabera sortu den Legebiltzarra, izan ez da demokratikoa; Batasunak eskubide guztia duelako mozorrorik gabe bere diputatuak hautarazteko.

Bide beretik, zeren zain dago Zapatero euskal prentsaren kontrako epaiketak ezesteko? Zeren zain makro-epaiketak oro deusezteko? Arrunt oker dago arazo horiek konpondu gabe Euskal Herriko egoera "normal"tzat hemen hartuko dela sinesten badu.

* * *

Denok dakigu EHAK eta Batasuna gauza bera direla; edo gauza bertsua bederen.

Hots, lau urtetarako Baskongadetako Batasunak bi hautetsi multzo izatea: 9 aukeratutakoez osatua bata; eta ilunean gelditu den benetako Zuzendaritza bestea, ez da normala. Eta horretara eraman duen Ley de Partidos deritzona salatu behar da Kodigotik kenduta ikusi arte.

Beste alde batetik, eta hamaika aldiz idatzia duguna errepikatuz, odol saria erruz ordainduz, urte askotan ETA abertzaletasunaren eragile funtsezko izan ondoren, aspaldiko honetan burutu duen ekintza multzoak kalte handiagoa ekartzen dio euskal abertzaletasunari, Espainiako Estatuari baino. Su-etena ezinbestezko urrats bihurtu da. Estatuak badaki hau. Eta horregatixe ari da etengabe bazterrak xaxatzen, atxiloketak ugaltzen, eta zanpaketa motak oro azkartzen; ETAgandik porrot publikoa bilatuz. Euskal arazoa, ordea, ez da horrela konponduko. Ezinbesteko abiapuntua ez da garaipen poliziala, Auto-Determinazioaren aitorpena baizik.

* * *

Bistan da. Zapaterok bultzatu du Batasuna Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunista (EHAK) siglaz mozorroturik, igitaia eta mailua barne, botoa eskatzera. Batasunak, hala ere, arrakasta gaitza lortu du; bere bederatzi hautetsiek ezin garbikiago erakutsi dutenez. Baina prezio politiko nabarmenaren truke. Euskal Herriko komunistak Ezker Batua izendapenaz, eta Espainiakoak Izquierda Unida delakoan integraturik agertzen direlarik, Euskal Herrian, alderantziz, anakronismo harrigarrian, ezker abertzalearen atalik sendoenak, Alderdi Komunista baten izenean burutu beharko du lau urtez bere ekintza politiko guztia. Eta hori, nolanahi gutxietsia izan arren, Zapaterok lortu duen "gol" maltzurra da.

1989-1990 urteetan, Gorbachev-en perestroikaren ondorioz, Europa Ekialdeko Estatuetan antolatu ziren lehenengo hauteskundeetan, Alderdi Komunistek %11-%14 besterik ez zuten lortu. Ondorioz, Estatu horietan guztietan, salbuespenik gabe, Alderdi Komunista ohiek beren siglatik komunista hitza kentzea erabaki zuten.

Aukera Guztiak debekatuta izan ondoren gauzak zehazki nola joan diren ez dakigu. Baina ANV-EAE alderdi historikoa »eta HBrekiko ezin fidelagoa» EHAKren gainetik ez hobetsi izana ez da ulertzen. EHAKren bultzada ANVak hartu izan balu, denok irabaziko genukeen »ANVak eta Batasunak barne» .

Ziplo datorren hipotesia ez dut hemen aipatuko. Nahiz bere buruz pentsatzen duen jende askok gauza bera iradoki. Geroak erranen.


ASTEKARIA
2005eko maiatzaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude