SGAEren datuak eta pirateria
SGAEk 2004an %9,4 gehiago bildu du egile eskubideetan EAEn. Guztira, 19 milioi euro, 2003an baino 1,6 milioi euro gehiago. Elkarteko arduradunek diotenez, euskarri digitalen kopia pribatuen egile-eskubideei »kanonari» zor zaie igoera, nagusiki. Egile eskubideak sektoreka honela bilakatu ziren iaz: musika klasikoko kontzertuak direla-eta %10,7 hazi ziren, musika modernokoak %0,2, eta antzerkiko egile eskubideak %4,3 murriztu ziren. Jaitsierarik handiena jatorrizko diskoen salmentak izan du (%7,3 ) pirateriak eta Internetek eraginda, SGAEko arduradunen aburuz. Halaber, gehitu dute EAE dela Internetetik legez kanpo kantu gehien jaisten dituen erkidegoa eta ordenagailu erabiltzaile kopuru handiena duena. Erakundeak jakinarazi duenez, EAEn egindako polizia operazioetan, legez kanpoko 64.515 disko eta DVD konfiskatu ziren 2004an, 2003ko kopuruaren bikoitza.
Udaberriko bertso saioak
Maiatzeko larunbat guztietan bertso saioak izango dira Bilboko Santutxu auzoko Karmelo plazan, XXI. Udaberriko Bertso Saioak ekimenaren baitan. Aurreko urteetan aretoetan egin izan dira saioak, baina iaz Santutxun egin ziren eta arrakastatsuak izan zirenez, bertan egingo dira aurten ere. Maiatzaren 7an Andoni Egañak, Igor Elortzak, Maialen Lujanbiok eta Sebastian Lizasok kantatuko dute. 14an Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Unai Iturriagaren txanda izango da. 21ean Arkaitz Estiballes, Fredi Paia, Iratxe Ibarra eta Oihana Bartra izango dira taula gainean. Amaitzeko, dantza, musika eta bertsolaritza uztartzen dituen Xukan taldeak Iturrian zer dago? ikuskizuna eskainiko du. Eguerdiko 13:00etan hasiko dira saio guztiak.
Pailazo eta clown jaialdia
Arrigorriaga herria pailazo, clown eta zirkuko artisten bilgune bilakatuko da datorren asteburuan. Izan ere, Nazioarteko X. Clown eta Pailazoen Jaialdia ospatuko da, maiatzaren 6tik 8ra. Ikuskizun gehienak kalean eskainiko dituzte, baina bakan batzuk areto barruan izango dira. Besteak beste, Pirritx eta Porrotx, Xabi Larrea & Kapikua zirkua, Malaje Sólo (Andaluzia) eta Johnny Melville (Eskozia) talde nahiz bakarlariek aurkeztuko dute euren lana. Halaber, clown ikastaroak izango dira haur (maiatzak 4-6) eta helduentzako (maiatzak 6-8). Horrez gain, erakusketa paratuko dute Bilbon pailazoak eta zirkua goiburu hartuta.
Komikia ere bai Artiumen
Kultura garaikidean komikiak izandako garrantzia nabarmendu nahi izan du Gasteizko Artium museoak. Horrexegatik, komikia museoaren egitarauan barneratuko du hemendik aurrera. Hasteko, komikiaren gaineko berrogeita hamar teoria liburu eta istorio liburu erosi dituzte museoko liburutegirako. Eta aurrerantzean, komikia ardatz duten tailerrak, mintegiak, erakusketak eta konferentziak antolatuko dituzte.
* * * * * * * * * * * * * * *
EKEren webgunea berritu dute, erabilgarriagoa izan dadin. www.eke.org gunean lau hizkuntzatan irakur daiteke. Ataria euskal kultura bizi baten erakusleiho izatea dute jomuga eta, hartara, parte-hartzea sustatuko dute. Albiste eta agenda ataletan informazio eguneratua topatuko du bisitariak, eta nahi izanez gero, ekitaldiak iragarri ahal izango ditu agendan. Zazpi atal finko ditu guneak: Euskal Herria, Euskara, Kultura, Ondarea, Kultura eragileak eta Euskal Kultur Erakundea. Euskal Kultur Erakundeak adierazi duenez, Ipar Euskal Herriko kulturak lehentasuna izango du orrialdean, baina Hegoaldekoari ere leku egingo diote.
Donostia Dantzan. Erromeriak gainbeheran dauden honetan, festa hori berreskuratzeko saiakera andana abiatu da azken urteetan. Donostian ere erromeria egingo dute maiatzaren 15ean, Donostiako Konstituzio enparantzan, Bagera elkartea eta Udal Txistularien Bandaren ekimenez. Haur, gazte nahiz helduei egin diete bertaratzeko deia. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera hasiko da eromeria. Dantzan ez dakienak bost dantza taldetako kideak izango ditu laguntzeko prest.