Zerotik...?


2005eko maiatzaren 01an
Zikloak amaitu egin omen direla eta, aurrerantzean zerotik hasi ala, gaurdainoko eskarmentua kontuan hartuta, beste zenbaki batetik ekitea da igandeko hauteskundeen ondorengo dilema. Orokorki, laurogei eta laurogeita hamarko hamarkadetara bueltatu gara, bidean Ajuria Eneako eta Lizarra-Garaziko espirituak/itunak behin betirako baztertuak geratu direlarik. Alde bakarretik bideraturiko prozesuak eta gehiengoen logikak baliogabe gertatu ondoren, beste hogeitabost urte antzu ala bizi izan dugunetik ikastea geratzen zaigu.

Igandeko emaitzek aspalditik daukagun panorama berbera begi-bistan jarri digute, ez dago ezer berririk. Agian, EHAK-k uste zena baino diputatu gehiago eduki izana? Baina, funtsean geneukana daukagu, zegoena dago eta, seguruenik, dagoena egongo da.

EAJ-EA koalizioak bide-zidor bat zegoela uste zuen eta horrek Ibarretxe Plana aurrera ateratzeko aukera, horrela bertan erabakitzeko ahalmena ziurtatzen zelarik. Kontua da ia ur zikinarekin umea ere joan zaigun ala ez, zeren Plana pikutara joan da, eta hurrengo hilabeteotako »edo urteotako» helburua zein den zehazteke dago: edo nazionalismoen arteko hegemonia borrokari ekiten jarraitu edo erabakigune erreal bat lortu, gerorako utzita Jerusalemeko kontuak. Gainera erabakigunearen defentsak ezin ditu gure indar guztiak agortu eta ezin gaitu inorako bideetara eraman, zeren eta erabakigunearen inguruko hainbat ideia argi badago ere, zailagoa da erabaki gura dena zehaztea: agian ez dago ezer erabakitzerik egungo lerrokatze identitario eta elektoraletan oinarrituta. Erabakigunearen titularitatea argi dago, materialitatea oso ilun, eta lehenak ez dakar ezinbestean ezta zeharka ere bigarrena. Honen haritik, argi dago, bestalde, gaurtik hasita hegemoniaren kontuari ekiten bazaio, berriro "zerora" bueltatzen garela.

Hiru aktore estrategiko daude lau hankako mahai honetan: PSE, EAJ-EA eta Ezker Abertzalea-ETA. Otegik, biltzeko gogoa erakutsiz, hala PSE nola EAJri luzatu zien eskua. Baina, zertarako? Egun, zer dute amankomunean lortzeko moduan? Lehen begiratu batean, ez dut ikusten elkarren artean ezer adosterik dutenik, agian bai, binaka, ez dakit zer hirurak elkartuta. Noski, laugarrenarekin -PPrekin- ez dago ezer egiterik, baina aktore estrategikoa da, egin behar ez denaren eta nahi ez denaren erreferentzia-muturra baita. Hau da, beraren ukapenean errotzen da neurri handi batean alternatiba egingarrien araketa.

Gizarte bakoitzeko historiak hainbat objektu politiko sortzea ahalbidetzen du eta beste hainbat betirako ezindu. Gure artean, horrelako objektua abertzale ez den euskalduntasun politikoa da. Ezintasun honek kontsentsua ukatzen du, eta aipatu hiru aktoreek bilatu behar dutena kontsentsua da, ezin baita ez alde batetik Konstituzioa ez bestetik soberanismoa inposatu. Hau ez da epeltasuna, ezta epelkeria ere, hau errealitatea da. Kontsentsuaren lorpena dute beharrezko hiru aktoreek. Hamar urte pasatu behar izan ziren -Ajuaria Eneako Ituna- ezker abertzalea baztertu ezin zela kontu hartzeko; zazpi urte pasa behar izan dira -Lizarra-Garazi-, ez abertzaleak txokoratzea posible ez dela kontu hartzeko. Nola konpondu gaitezkeen erabakitzeko bada, ez legoke txarto urte batzuk galtzea.

Mugak argi daude: ezin dugu aurkaria konbentzitu, ez dugu aurkaria etsai bilakatu behar, elkarrekin bizitzera kondenatuta gaude… eta abar. Abiapuntu honekin, ez dugu zertan zerotik hasi behar, baina zero azpirako bidea egon badagoenaren kontzientziarekin. Aspalditik uste dut gure sistema politiko guztiak hanka-sartze berbera egin duela: gizartearen kontra aritu. Batzuek gizarteari herria kontrajarri diote; besteek Estatu/Konstituzioa. Zerotik hasi ez gaitezen egokiena ez ote da gizartearen seinale eta konstante bitaletatik hasita politika egiten hasi? Hori agindu dute apirilaren 17ko emaitzek. Lau urte barru -edo lau hilabete barru- ikusiko dugu, egoerak txarrera beti joan daitezke-eta.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude